"Munduko ipuinen ziklo herritarrak" datorren martitzenean, otsailaren 10ean, izango du hirugarren eta azken hitzordua
2024ko irailean munduko hainbat txokotako hizkuntzaz eta istorioz bete ziren Soraluzeko kaleak Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura Batzordeak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatutako Munduko ipuinen egunaren aitzakian. Iaz ere errepikatu zen hizkuntzen, kulturen eta ipuinen festa. Munduko ipuinen egunak hizkuntza aniztasunari aitortza egitea, herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea eta ipuinen balioa sustatzea ditu helburu nagusi; xede horiei hauspoa eman izan nahi zaie urtarrila eta otsaila artean antolatu den Munduko ipuinen ziklo herritarrarekin.
Soraluzen bizi diren munduko beste lurralde batzuetako herritarren jatorrizko ipuinen kontaketa saioak antolatu dira udal liburutegian, herritarrak beraiek protagonista izango direlarik. Izan ere, soraluzetarrek beraiek kontatu dituzte ipuinak jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz.
Urtarrilaren 14an eta 27an egin dira lehen bi saioak eta otsailaren 10ean izango da hurrengo eta azken hitzordua.
Azken saioa martitzenean
Datorren martitzenerako, otsailaren10erako, prestatu dute antolatzaileek ziklo herritarraren hirugarren eta azken hitzordua Pakistango ipuin batekin: Gizon aberatsa edo ای˜ امیÑآدمی. Jatorri pakistandarreko Saadia Nasir herrikideak bere herrialdeko usadio eta ohiturak oinarri dituen ipuina kontatuko du, saiora hurbiltzen den edonoren gozamenerako.
Adin guztietako entzuleak daude gonbidatuta ipuin-kontaketara, haurrak zein helduak.
