Munduko ipuinez beteko dira Soraluzeko kaleak hirugarrenez, irailaren 26an, zapatua

Munduko ipuinez beteko dira Soraluzeko kaleak hirugarrenez, irailaren 26an, zapatua

2026/09/08
"Munduko ipuinen eguna" hirugarrenez egingo da Soraluzen irailaren 26an, zapatua, egun osoko egitarau betearekin.

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura Batzordeak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatu dute Munduko ipuinen egunaren hirugarren edizioa, irailaren 26an Soraluzeko bazterrak hainbat txokotako hizkuntzaz eta istorioz beteko dituen ipuinen festa.

Gure herrian euskaraz gain, beste hainbat hizkuntza hitz egiten dira; hala nola, gaztelania, galegoa, katalana, arabiera, amazigera, urdua, punjabiera, italiera, ingelesa, alemana... Hizkuntza aniztasun horri aitortza egin nahi dio datorren asteko festak, herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea bultzatu eta ipuinen balioa sustatu.

Hainbat hizkuntza eta jatorritako ipuin kontaketak izango dira egunaren oinarria, eta txotxongilo tailerra eta liburutegi txokoa ere egongo da. Ipuinek kaleak hartuko dituzte, izan ere, eskaintza guztia Soraluzeko kaleetan izango da, herriko hainbat txokotan.

Berritasunak ere bai

Aurtengo edizioak berritasunak dakartza; izan ere, txotxongilo tailerra programatu du antolakuntzak Munduko ipuinen egunari hasiera emateko eta helduentzako ipuin-kontaketa batek emango dio amaiera.

TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak eskainiko du Bokoien munduan barna tailerra, familientzat. 5 urtetik gorako neska-mutikoek parte hartu ahal izango dute, heldu batek lagunduta. Tailerra doakoa izango da, baina, aurrez izena eman beharko da, plazak mugatuak baitira.

Helduentzako ipuin-kontaketak, ostera, kapillan emango dio amaiera goxo eta intimoa  kontakizun eta istorioz betetako egunari.

Programazioa

Eguneko lehendabiziko ekintzak txotxongilo tailerra eta liburutegi txokoa izango dira; jarraian, ipuin-kontaketan bata bestearen atzetik kateatuko dira iluntzera arte.

Ipuinek ez dute adinik, ezta mugarik ere. Eskainiko diren ipuin kontaketak, azkena izan ezik, adin guztietarako pertsonentzat izango dira eta mugaz gaindi eramango dute ipuinek entzulea gertuko zein urruneko txokoetara.

Liburutegi txokoa

Liburutegiak kalea hartuko du berriz. Bertan egongo dira ikusgai eta irakurgai munduko hainbat txokotako istorioak, hurbiltzen denaren gozamenerako!

Bokoien munduan barna, TOPIC (Euskal Herria)

Zer adierazten du aurpegi batek? Tailer honetan, emozioak eta aurpegi-adierazpenak landuko ditugu modu sortzailean. Horretarako, paperezko plater bat eta kartoizko beste ontzi batzuk irrifar handi batean eraldatuko ditugu. Hala, txotxongilo bat manipulatu eta bizitza ematen diogunean, txotxongiloak izan ditzaken emozio eta sentimendu ezberdinak identifikatu eta hauek adierazten ikasiko dugu ahotsarekin eta mugimenduarekin jolastuz eta esperimentatuz.

Bost urtetik gorako neska-mutikoek lagunduta parte hartzeko tailerra.

Plaza mugatuak dira eta aurrez eman beharko da izena, irailaren 23a baino lehen: Bokoien munduan barna izen-ematea

Kamishibai ipuinak, Ines Bengoa (Euskal Herria)

Japoniako ipuinak ekarriko ditu Ines Bengoak, antzinako eta gaur egungo istorioak. Kontalariak egurrezko kutxatxo baten barruan sartzen diren irudiez lagunduta josiko du narrazioa. Ikusi, entzun eta parte hartzeko emanaldia!

Old tales from Wales, Roanna Larsen (Gales)

Gales lurraldeko kondaira zaharrak kontatuko ditu Roanna Larsenek. Herensugeak, lakuak, mendiak, fantasiazko izakiak eta pertsonaia bereziak izango dira protagonistak. Istorioak ingelesez eta euskaraz kontatuko ditu eta entzuleak kantuz jarri ere bai.

Ongi etorri!, Ameli (Euskal Herria)

Ongi Etorri tabernako barraren bi aldeetan ez ziren bezeroak eta tabernariak bakarrik igarotzen; istorioak ibiltzen ziren dantzan eta Ameli haiekin hazi zen. Bertan ikasi zuen zer zen emakumeen arteko elkarlana, zaintza... eta zenbat ikas eta goza daitekeen istorioak elkarbanatuz!