Musika Astea ospatuko da maiatzaren 4tik 9ra Soraluzeko Musika Eskolak antolatuta
Maiatzaren 4tik 9ra bitarte Soraluze musikaz zipristinduko da, Soraluzeko Musika eskolatik antolatutako Musika Astearen baitan. Adin eta gustu guztietarako egitaraua antolatu dute aste honetarako. Ekimenaren helburua, musika herritarrei gerturatzearekin batera herriko musikarien jarduna indartzea da.
Egunez egun, ikastaro nahiz emanaldi ezberdinak antolatu dira.
Maiatzaren 4an, Perkusio Herrikoia
Goilara bat eskuan hartuta musika egiten ikasi zuten atzo bertaratutakoek. Hamarnaka lagun elkartu ziren Soraluzeko Musika eskolan, 2 txandatan antolatuta; umeak lehenbizi eta helduak ostean. Perkusio irakasleak guztiak ipini zituen musika sortzearekin batera gozatzen.

Maiatzaren 5ean, Musescore ikastaroa eta entzunaldiak
Musikarientzako ikastaro berezi bat antolatu dute maiatzaren 5erako, ordenagailuan musika edizioa egiten ikasteko programa batena alegia.
- Maiatzaren 5ean, martitzena, 17:00-18:30, Musika Eskolan
- Izena emateko: https://forms.gle/Fj2yQqnCuuf1jP5W7
Arratsaldean horretan baita flauta, gaita eta txistuko entzunaldiak egingo dituzte.

Maiatzaren 6an, ipuin musikatua eta entzunaldiak
Aurten estrenaikoz ipuin musikatua goiz nahiz arratsaldez antolatu dute. "Anabasa pentagramaenean" izeneko ipuina aurkeztuko dute, goizean eskolako umeentzat emanaldiarekin eta arratsaldean berriz, emanaldi irekia egingo da guraso zein herritarrentzat.
- Emanaldi irekia: Maiatzaren 6an, eguaztena, 19:00etan, Herri Antzokian
Ostean, bonbardino, tronboi, tronpeta, saxofoi eta klarinete errezitaldi bat egingo da, piano, gitarra eta biolin emanaldi batekin osatuta.

Maiatzaren 7an, musika goiztiarra txiki nahiz familientzat
Maiatzaren 7an, Katamarran Ume Txokoan saio ireki bat egingo da, musika adin goiztiarretan (0-1 urte; 2-4 urte) ardatz hartuta. 2 saio antolatu dira etxeko txikienek helduekin batera parte hartzeko.
- 0-1 urteko umeak (2025, 2024an jaiotakoak) eta familiak: Maiatzaren 7an, eguena, 17:00-18:00, Katamarran Ume Txokoan
- 2-4 urteko umeak (2023, 2022, 2021ean jaiotakoak) eta familiak: Maiatzaren 7an, eguena, 18:30-19:30, Katamarran Ume Txokoan
- Izena emateko: https://forms.gle/ZsZynoXXfC67fv747

Maiatzaren 8an, adinekoentzat saioa eta entzunaldiak
Adinekoek ere parte hartu ahal izango dute Musika Astean. Maiatzaren 8an, 55 urtetik gorakoentzako musika tailerra egingo da.
- Maiatzaren 8an, barixakua, 10:00etan, Itxaropena Jubilatuen elkartean
- Ez dago izena eman beharrik, saio irekia izango da bertaratutako guztientzat.
Arratsaldean, biolontxelo ikasleen entzunaldia egingo da.

Maiatzaren 9an, SoraFolk ikastaroa, topaketa eta kontzertua
Astea maiatzaren 9an amaituko da Sorafolk-ekin. Aurreko edizioetako arrakastari jarraituz, aurtengoan ere hari instrumentuen (biola, biolina eta biolentxeloa) ikastaro eta topaketa antolatu dute Soraluzen. Goi mailako irakasleak izango dituzte soka topaketa honetan gidari izena ematen dutenak: Quico Pugés eta John Prieto musika eskolako irakasleak eta Arkaitz Miner, musikari ospetsua.
- Goizeko 10:00etan hasiera emango zaio ikastaroari.
- Ondoren, 14:00etan elkarrekin bazkalduko dute.
- 18:30ean emanaldia eskeiniko dute herrigunean.
- Izena emateko: https://forms.gle/frKQdG3FwpVyWeoo9

Aste osoan zehar maila bikaineko ikastaroak Soraluzen, musikaz gozatzeko.