Nerabeen aisia-ohiturak aztertzen

Nerabeen aisia-ohiturak aztertzen

2021/01/28
Udaleko Hezkuntza, Haurrak eta Gazteak Batzordea herriko nerabeen aisialdiko ohiturak aztertzen ari da, asebetetze maila ezagutu eta eskaintzan egin litezkeen hobekuntzak baloratzeko.

Soraluzeko Udaleko Hezkuntza, Haurrak eta Gazteak Batzordetik sortutako talde batek herriko nerabeen aisialdi-ohiturak ezagutzeko ikerketa-lan bat abiatu du. Talde horretan, alderdi politikoez gainera (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), arloko teknikaria eta herriko nerabeekin lan egiten duten hainbat elkartek parte hartzen dute, Keixeta IGE eta Kukumiso Aisialdi taldea kasu.

Aipatutako ikerketa-lanaren helburua, esan bezala, 10-16 urte arteko herriko neska-mutilen aisialdiko ohiturak ezagutzea da, zer egiten duten eta non egiten duten jakite aldera; halaber, egiten duten horrekin gustora dauden ere jakitea nahi da eta beren asebetetze-maila hobetzeko izan ditzaketen proposamenak ezagutzea.

Ikerketa aurrera eramateko garaian bi metodologia ari dira jarraitzen:

  • Kuantitatiboa, nerabe guztiei beren ohitura, asebetetze-maila eta proposamenei buruzko inkesta betetzeko eskatuz.
  • Kualitatiboa, nerabeekin bilerak eginez, inkestetan jasotakoaren gainean sakontzeko.

Nerabeengana heltzeko garaian herriko ikastetxe bien laguntza izan dute.

Esan moduan, ikerketa-lan honen azken helburua udaletik nerabeei begira egin beharreko aisialdi-eskaintza, espazioak eta bestelakoak berrikustea da, beren behar eta nahietara ahalik eta gehien hurbilduz, udalak dauzkan baliabide ekonomikoen arabera beti ere.