Ogasunarekin euskaraz!

Ogasunarekin euskaraz!

2023/04/17
Herritarrak Ogasun Sailarekin harremanak euskaraz izatera eta errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko kanpaina abiatu du Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak.

Urtero garaitsu honetan egiten duen moduan, aurten ere errenta aitorpena euskaraz egitera eta, oro har, ogasunarekin harremanak euskaraz izatera gonbidatu egin nahi ditu heritarrak Soraluzeko Udalak.

Hori horrela, "Ogasunarekin euskaraz!" izeneko kanpaina abiatu du, Foru Aldundiarekin elkarlanean, orain hasi eta ekainaren amaierara arte. Kanpainaren helburua da 100.000 pertsona fisikok euskara aukeratzea Ogasun eta Finantza Departamentuarekin harremanetan.

Nola aukeratu euskara edozein unetan

  • Internet: Ogasunarekin harremanetan jartzeko datuak Gipuzkoatarian aldatuz. Bertan, euskara aukeratu dezakezu harreman hizkuntza gisa Ogasunarekin eta Aldundiarekin.
  • Aurrez aurre: Ogasuneko herritarren arretarako bulegoetan edo Aldundiko erregistro zentralean 030 eredua aurkeztuz, partikularren kasuan, eta 036 eredua enpresen kasuan.

Nola aukeratu euskara errenta kanpainan

Aurtengo errenta-kanpaina abian da dagoeneko eta hilaren 3az geroztik onartu daitezke autolikidazio-proposamenak. Errenta makanizatua egiteko  epea gaur zabalduko da.

  • Autolikidazio proposamena telefonoz (943113000) edo internetez onartzen duzunean adieraziz.
  • Errenta mekanizatuko bulegoan laguntzen dizun langileari hala adieraziz.
  • Foru Ogasunaren Zergabidea plataforman errenta aitorpena euskaraz aurkeztuz, aitorpena bidaltzean zure aukera adierazita.
  • Aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen baduzu, errenta aitorpena euskaraz eginez eta Ogasunarekin eta Aldundiarekin dituzun harremanetan euskara aukeratuz.

Ogasun arloko hizkera ezagutu

Aitorpena egiteko egutegia

2022eko ekitaldiko errenta aitorpena epearen barruan aurkezteko datak honako hauek dira:

  • Proposamen modalitea 2023/04/03an hasi eta 2023/06/30ean bukatuko da.
  • Internet modalitatea 2023/04/12an hasi eta 2023/06/30ean bukatuko da.
  • Modalitate mekanizatua 2023/04/17an hasi eta 2023/06/30ean bukatuko da.