PCR proba masiboak bihar Soraluzen

PCR proba masiboak bihar Soraluzen

2020/11/24
Osakidetzak PCR proba masiboak egingo ditu bihar Soraluzen; 13 eta 40 urte arteko herritarrei zuzenduta daude eta derrigorrezkoa da aurrez hitzordua hartzea.

Osakidetzak COVID-19aren positiboak detektatzeko PCR probak egingo dizkie Soraluzeko 13 eta 40 urte bitarteko herritar guztiei, herrian koronabirusaren hedapena geldiarazteko asmoz.

Baheketa bihar asteazkena egingo dtute, 15:00etatik 19:00etara, herriko anbulategian, Osakidetzak zehaztu duenez.

Beharrezkoa da aurrez PCR probak egiteko hitzordua eskatzea, horretarako, herritarrek 943 03 26 44 telefonora deituta.

Soraluzek 1.193,80 kutsatze-tasa metatua du 100.000 biztanleko; azken astean 25 positibo zenbatu ondoren egingo dute baheketa.

Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarren lankidetza eskatzen dute, eta, zehaztutako biztanle-taldeari, PCR proba egitera joateko eskatzen diote.

Emaitza guztiak SMS bidez bidaliko dira.

Bien bitartean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazten diete COVIDekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– beren etxeetan isolatzeko eta osasun-zentroa deitzeko.