Indarkeria matxistari buruzko antzezlana
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta Soraluzeko Udaleko Parekidetasun Batzordeak antolatu duen egitarauaren barruan, "Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa" antzezlana eskainiko du ATX Teatroak bihar, larunbata.
GORDIN bezain sentsuala, erreala bezain fantastikoa, zorrotza bezain zolia. Halaxe definitu daiteke ATX Teatroren azken teatro proposamena. Iñaki Ziarrustak gidatzen duen antzerki taldearen azken sorkuntza da Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa, Ziarrusta bera aktore bakartzat duena.
Gertutik ezagutu zuen umetan bortizkeria matxista Iñaki Ziarrusta antzerkigile eta Atx Teatroko kideak. Bizipen horiek buruan izan ditu azken urteetan, gai horri buruz antzezlan bat egiteko ideiari bueltaka. Antzezlanak oinarri biografikoa du, beraz;hortik aurrerakoa, ordea, fikzio hutsa da. “Errealitatea hazitegia izan da, gero obra osoa sortzeko”, azaldu du aktoreak.