
San Andres auzoko parkea eraberritzeko prozesu partehartzailearen bigarren saioa maiatzaren 4an egingo da
Soraluzeko Udalak, Hezkuntza Proiektuaren baitan, San Andres auzoko parkea herritarren iritziak bilduko dituen prozesu parte-hartzaile baten bidez eraberritzea erabaki du. Otsailaren 22an 25 familia inguruk parte hartu zuen San Andreseko parkean bertan egin zen lehenbiziko saioan. Bertan jasotako ondorioak Kimu Bat enpresarekin elkarbanatu zituen udalak eta enpresak horiek aztertu ostean egindako proposamenak ekarriko ditu bigarren saioan. Behin proposamenak ume eta helduekin aztertuta, erabakiak hartuko dira eta parkea eraberritu egingo da udarako.
Soraluze herri hezitzailea izateko bidean pauso garrantzitsua izango da honako hau. Ondorengo hilabeteetan etorriko dira Ezoziko parkearen hobekuntzak egiteko pausuak; baita, udazkenean egindako herriko parkeen diagnostikoari jarraipena emanez, egin beharreko hobekuntzak ere herriguneko hainbat parketan.
Domekan bigarren saioa
Maiatzaren 4an, domeka honetan, egingo da parte-hartze prozesuko bigarren saioa, arratsaldeko 17:30ean. Eguraldi iragarpena aldakor samarra denez, saioa herrigunean izango da, Arane kiroldegiko Tolarekua aretoan, hain zuzen ere.
Merinda goxo batez lagunduta, lehenengo saioko ondorioak gogoratuko dituzte parte-hartzaileek, Kimu Bat enpresak proposatutako aukerak aztertu eta jolas nahiz dinamiken bitartez osatuko da saioa.
Izen-ematea
Saioaren martxan ona bermatu eta antolatzaileen lana errazteko, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, maiatzaren 3a baino lehen. Horretarako, ondorengo galdetegia bete beharko da: izen-ematea
Soraluzeko Hezkuntza eta Haur eta Gazteen batzordeek herritarrak animatu nahi dituzte prozesuan parte hartzera.
