San Andres auzoko parkea inauguratzeko landaketak eta hamaiketakoa egingo dira urtarrilaren 31n

San Andres auzoko parkea inauguratzeko landaketak eta hamaiketakoa egingo dira urtarrilaren 31n

2026/01/21
Hurrengo zapatuan, urtarrilaren 31n, San Andres parkea inauguratzeko landaketak eta hamaiketakoa egingo dira auzolanean familiekin.

Soraluzeko Hezkuntza Proiektuaren baitan, San Andres auzoko parkea eraberritzeko prozesu parte-hartzailea jarri zen martxan herriko haur eta familiekin joan den neguan. Prozesu hori aurrez udalak Soraluze udalerriko eremu, auzo eta parte guztien egoerari buruz egindako diagnostikoaren ondorioz jarri zen martxan. 

Prozesu parte-hartzailea bi saiorekin osatu zen: lehenengoan, proposamenak jaso ziren; bigarrenean, aurretik egindako proposamenen gainean Kimubat enpresak emandako aukera aztertu eta erabakia hartu zen. Jorratutako bideak emandakoa kontuan hartuz, 2025eko udan eraberritu zen San Andres auzoko parkea.

Irekiera eta landaketak

Hori horrela, prozesuari itxiera emateko asmoz, hurrengo zapatuan, urtarrilaren 31an, San Andres auzoko parkean landaketak egingo dira auzolanean familiekin eta ondoren, hamaiketako batekin ospatuko da parkearen irekiera.

Ekimenean parte hartzeko bi aukera egongo dira:

  1. Oinez igotzea: 10:15etan Estaziñoko parkean elkartuta.
  2. San Andresen bertan elkartzea: 11:00tan.

Garrantzitsua da bertan parte hartzeko aurrez izena ematea ondorengo galdetegiaren bidez: izen-ematea.

Datorren eguaztena, urtarrilak 28, izango da izena emateko azken eguna.

Udalak Soraluzeko ume nahiz familia oro eta San Andreseko auzokideak bereziki gonbidatu nahi ditu prozesuari amaiera biribila ematera.

Lanen ardura eta finantzaketa

San Andres auzoko parkea eraberritzeko lanez K1 EKOPAISAIA SLL (KIMUBAT) arduratu da eta kostua 30.879,32 €-koa izan da. Kostuaren % 50,54 Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak finantzatu du, 2025-10-07ko ebazpenaren bidez jasotako dirulaguntzari esker.