Mantenimendu-lanak San Andres auzoan

Mantenimendu-lanak San Andres auzoan

2019/02/25
Legegintzaldian zehar pilotalekua zaharberritzeko egin dituen lanekin jarraituz, teilatuaren egitura barnizatu eta erretena garbituko ditu Udalak; baita elkarteko sarrera hormigoitu ere.

Azkenaldian egin duen eguraldi ona baliatuz, San Andres auzoko pilotalekuaren estalkia eusten duen egurrezko egitura berritu du Udalak.

Pilotalekua 2000. urtekoa da eta urte horietako euriak eta bestelakoek hondatu egin dute egurrezko egitura, beharrezkoa egiten delarik legegintzaldi hau arte burutu ez diren zaharberritze lanak egitea.

Zaharberritze lan hauen bitartez, egurra lixatu eta eguraldiari aurre egiteko barniz berezia eman zaio; hurrengo egunetan teilatuko erretena garbituko da, egitura berritzeko erabili den makina-jasotzailea bertan dagoela aprobetxatuz.

Lan hauetarako Jon Murgizu margolanak etxea kontratatuko du Udalak eta 4.573,8 euroko kostua izango dute (BEZ-a barne).

Azken lan hauek pilotalekua eraberritzeko legealdi honetan zehar udalak egin dituen gainontzeko lanen jarraipena dira, duela denbora bat frontoiaren hormak margotu baitziren.

Bestalde, auzolanean, eta bertako bazkideek hala eskatuta, auzoko lokal sozialeko sarrerako gunea hormigoitu egingo da. Hormigones Aizko, S.A enpresari erosiko dio Udalak hormigoia (1.913,35 euro, BEZ-a barne) eta elkarteko bazkideek egingo dituzte lanak, esan bezala, auzolanean.