Aurtengo festak, bertan behera

Aurtengo festak, bertan behera

2020/06/19
Bizi dugun egoerak eraginda, aurten jairik ez ospatzeko erabakia hartu du Soraluzeko Udalak; kultur programazio berezia antolatuko da orain hasi eta uztailaren bukaerara arte.

Gaur eguerdian eman du jakitera ofizialki Soraluzeko Udalak aurten ez duela jairik antolatuko.

Arloko arduradun den Abel Olaizolak adierazi duenez, "azken hilabeteetan bizi dugun osasun-krisiak ezinezkoa egiten du jaiak betiko moduan ospatzea, jende pilaketak ekiditea funtsezkoa delako egoera honetan". 

Jaiak bertan bertan behera geratuko badira ere, "herritarrei, herriko bizitzari eta kultura sektorean lan egiten dutenei keinu txiki bat egitea ere garrantzitsua dela kontuan izanik", kultur programazio berezia antolatuko du udalak, herriko hainbat eragilerekin batera, hurrengo asteetarako.

Programazio berezia ekainaren 27an hasi eta uztailaren 26ra bitartean luzatuko da; abuztuaren 15ean, berriz, Erandioko Musika Bandak kontzertua eskainiko du.

Antolatuko diren ekintzak osasun aginteriek agindutako protokoloari jarraituz antolatuko direla eman du jakitera Udalak, ikusleek jarrita egon beharko dutela eta aforoa mugatu egingo dela.

Udalak adierazi du herritarren osasuna babestea izan duela irizpide nagusi moduan erabaki hau hartzeko orduan eta, orain artean moduan, herritarrei arduraz jokatzen jarraitzeko deia luzatu die.