Santiago eta Santa Ana jaietako egitaraua prest eta izen emateak irekita
Badatoz aurtengo Santiago eta Santa Ana jaiak, soraluzetarrontzako egun garrantzitsuak, ilusioz eta harrotasunez bizi ditugunak. Aurreko asteburuan beroketa izango dugu zapatuko Motor topaketarekin eta domekako Soraluzeko Arrozen ekimenarekin. Ondoren, uztailaren 23an Gazte Eguna ospatuko dute herriko gazteenek. Eta 24an kainoikadak emango die hasiera ofiziala jaiei. Aurtengoan sortu berri den Soraluzeko erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak izango dira pregoilariak.
Egitarauak banatu dira jada etxez etxe eta, datorren astetik aurrera, jaietako egun bakoitzeko egitarauarekin osatutako promozio-bideoak argitaratuko dira. Horrela, herritarrek ekintza bakoitza hobeto irudikatu ahal izango dute, jai giroan murgiltzen hasi eta jaietan zehar izango diren ekitaldi zein musika proposamenak ezagutu.
Programa formatu digitalean ikusi nahi izanez gero, jo ondorengo loturara: Soraluzeko jaiak 2026
Herritarren parte-hartzea protagonista
Herritar orok gozatzeko jaiak izatea dute helburu aurtengo Soraluzeko jaiek ere; horregatik, adina dena dela, herritar guztiak bilduko dituen ekintza ugari antolatu dituzte herriko eragileek zein Udalak.
Adin guztietarako antolatutako ekintzen artean daude Soraluzeko emakumeen* batukada feminista, Bizijolas jolasgune erraldoia, zezen suzkoa, kantujira Plazentzia Kantuan taldearen eskutik, jaien aurretiko beroketarako zunba saioa, azeituna hezur jaurtiketa txapelketa, Toka eta Igel txapelketa, futbolin eta barru txapelketak Galtzagorriek antolatuta eta Larrain dantza herrikoia Euskal Jai Batzordeak antolatuta. Haur, gazte zein heldu, edonork parte har dezake aipatutako ekintza guzti horietan eta horretara animatzen ditu Udalak herritarrak.
Horiez gain, kultur aniztasunak ere izango du lekua jaien aurreko asteburuan Soraluzeko arrozak ekimenari esker. Baita herritar ugari biltzen dituen bakailao lehiaketa eta mus-tute txapelketak ere. Gainera, Ikas Bidairako dirua batzen diharduten gaztetxoen eskutik bingoaz eta haurren txokoaz ere gozatu ahal izango da, herri bazkariaren ostean. Amaitzeko, haur eta gaztetxoentzako bereziki, krosa ere izango da zapatu goizean.
Musikari dagokionez, punta-puntako musika-taldeek beteko dituzte Soraluzeko kaleak doinuz; besteak beste, Añube, Neomak, Pancho Balbuena eta Los Tenampas mariatxiek.
Soraluzeko erraldoien estreinaldia
Aurtengoan ekimen berezi batek hartuko ditu kaleak Santiago egunean, uztailaren 25ean; izan ere, Soraluzeko gazte eta ez hain gazteek, herriko erraldoiak dantzaraziko dituzte estreinakoz gure herriko kaleetan.
Soraluzeko erraldoi eta buruhaundien konpartsak alaituko ditu Soralueko kale eta herritarrak; txistulari, danborjole eta gaiteroen musikak lagunduta. Uztailaren 25ean, 12:00etan erraldoien aurkezpena egingo da udaletxe azpian eta ondoren kalez kale ibiliko dira Arrasateko erraldoiekin batera.
Soraluzeko Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu ekimen berezi honetara.
Aurrez izena eman beharreko ekintzak
Jaietarako antolatutako zenbait ekintzatan parte hartzeko aurrez izena eman behar izango da; epea zabalik dago dagoeneko. Hauexek dira ekintzok:
GAZTETXOENTZAKO TORTILLA LEHIAKETA
Lehiaketako oinarriak: Gaztetxoentzako tortilla lehiaketako oinarriak

HERRI BAZKARIA
Txartelak: Iratxon salagai, 15,5€ eta 10,5€ren truke

HERRI MAILAKO BAKAILAO LEHIAKETA
Lehiaketako oinarriak: Herri mailako bakailao lehiaketako oinarriak
