"Sinfonía de formas" eskultura eta flamenko performancea eskainiko dute barixakuan, irailaren 26an, Alfredo Zarazaga eta Paco Vidalek
plaentxia.eus

"Sinfonía de formas" eskultura eta flamenko performancea eskainiko dute barixakuan, irailaren 26an, Alfredo Zarazaga eta Paco Vidalek

2025/09/23
"Sinfonía de formas" eskultura eta flamenko performancea eskainiko dute barixakuan, irailaren 26an, Alfredo Zarazaga eskulturgileak eta Paco Vidal gitarra-joleak; Zarazagaren lanak Oreka Art galerian daude ikusgai irailaren 30era arte.

Alfredo Zarazaga (1974, Chipiona) margolari eta eskulturgileak 1995ean hasi zuen bere ibilbide artistikoa, benetako nortasun eta lengoaia artistiko baten bilaketa etengabean laburbiltzen dena. Hausnarketa sozialek eta materialen bilaketak elikatzen dute haren obra, ikuspuntu humanista duena.

Horrekin guztiarekin landutako obraren mostra txiki baina oparoa jarri du ikusgai Oreka Art galerian. Gainera, eskultura eta musika batuko dituen performancea ere eskainiko du barixaku honetan.

Eskultura eta flamenkoa uztartuta

Alfredo Zarazaga artistak eta Paco Vidal musikariak eskuz esku landuko dute datorren barixakuan, irailaren 26an, Sinfonía de formas ikuskizuna.

Burdinezko txaflak kolpatzean ateratzen den soinuak gitarraren melodiarekin bat egingo dute, elkar entzun eta elkarren erritmora moldatuz inprobisatuko dute bai Zarazagak bai eta Vidalek ere. Burdinaren eta gitarraren doinuek osatuko dute eskultura eta flamenkoa uztartuko dituen preformancea, bakarra eta errepikaezina, momentuan bertan sortua.

Oreka Art galerian ikusgai

Irailaren 5az gero daude Alfredo Zarazaga artistaren pintura eta eskulturak Oreka Art galerian ikusgai, eta hilaren 30era arteko tartea egongo da lanak ikusteko, ondorengo ordutegian:

  • Astelehenetik barixakura: 19:00 - 20:00