Skate park berriaren inaugurazioa

Skate park berriaren inaugurazioa

2021/07/21
Aste honetan amaitu dira skate park berria eraikitzeko lanak; larunbat honetan inauguratuko da instalazioa, gaztetxoentzako skate ikastaroekin eta profesionalen erakustaldi batekin.

Soraluzeko skate park berria errealitatea da dagoeneko. Hainbat urtetan herriko gaztetxo askoren eskaera izan denari erantzuna eman ahal izan dio udalak.

Parkea eraikitzeaz Getxoko Kantera Skate Eskola arduratu da, "in situ" zementuz egin duelarik, eta honako elementu hauek ditu:

  • Bi quarter (skatepark-aren alde banatan), 6 metroko luzera eta 80 zentimetroko altuera dutenak.
  • Erdian 80 zentimetroko diametroa eta 35 zentimetroko altuera duen duna bat.
  • 3 metroko luzera, 75 zentimetroko zabalera eta 35 zentimetroko altuera duen tiradera.
  • Bi jauzi-arrapala.
  • Skate-rako bi baranda.

Patricia Borinaga Haurren eta Gazteen Arloko udal-arduradunak azaldu duenez, "Jarduera honekin erantzun egiten zaio urrunetik zetorren gazte-eskari bati. Eskaera mahai gainean jarri zen berriz ere azken hilabeteetan haien aisialdi-ohiturak ezagutzeko eta udalerriko eskaintzan egin daitezkeen hobekuntzak baloratzeko nerabeekin egindako Partaidetza Prozesuan".

Skate parka eraikitzeko eta eremua egokitzeko egindako inbertsioa 36.160 €-koa izan da guztira, gehi BEZa (43.754 €), kontzeptu hauei dagokiena:

  • Elementuen eraikuntza (Kantera Skate Skola): 29.500 €
  • Eremuaren argiztapena (Laibi Electricidad S.L.): 3.660 €
  • Inguruko segurtasun-itxitura (Solberg S.L. Construcciones Metálicas): 3.000 €

Uztailaren 24an, larunbata, Udaleko Kultura Sailak antolatuta, Skate Eguna ospatuko da. La Kantera Skate Eskolak dinamizatutako jarduera ludikoa izango da, eta skatearen mundua adin guztietako pertsonei hurbiltzea du helburu. Horregatik, egunean zehar, 10: 00etatik 14: 00etara eta 17: 00etatik 18: 00etara, eskola horretako begiraleek skatean hasteko oinarrizko ikastaroak emango dizkiete, gerturatzen diren pertsonei, txandaka. Gainera, 18: 00etatik 18: 30era, eskolako skaterrek erakustaldia egingo dute.

Jarduerarako behar den materiala (patinak eta beharrezko babesak) doan egongo da jarduera egiten den lekuan.

Jardueran parte hartzeko nahiz erakustaldia ikusteko beharrezkoa izango da maskara eramatea.