Skate parkean mural berria egin du Jokin Oregi, "Sortwo" artistak

Skate parkean mural berria egin du Jokin Oregi, "Sortwo" artistak

2025/12/10
Jokin Oregi "Sortwo" artistak margotu du joan den asteburuan zehar Soraluzeko skate parkean ikus daitekeen horma-irudi berria; herriko hainbat gune edertzeko estrategiaren baitan kokatzen da ekintza hau.

Soraluzeko skate parkeak mural berria estreinatu berri du, joan den asteburuan Jokin Oregi Sortwok egindakoa. Horrela, kolorez bete eta itxuraldatu du, berez, leku grisa dena.

Herriko hainbat gune txukundu eta edertzeko estrategiaren baitan kokatzen da ekintza hau eta 3.922€ko kostua izan du.

Ibilbide luzeko artista

Jokin Oregi artista soraluzetar-bergararrak ibilbide luzea du pintura eta muralgintza munduan. Ikus-entzuneko ikasketan egin zituen eta hamahiru urte zituenetik ari da kaleko artea egiten. Parisko urban art fair azokan parte hartu berri du aurtengo udaberrian, eta bere ibilbidean zehar Txina, Japonia, Frantzia, Espainia, Senegal, Australia, Erresuma Batua eta beste hainbat herrialdetan izan da muralak margotzen.

Duela hiru urtera arte ilustrazioarekin zuzenki lotuta zegoen bere lan artistikoa; realismotik edan ostean, inpresionismoan topatu du berriz pinturarekin gozatzeko lekua.

Mural berriarekin, itxuraldatuta

2022an margotu zuen lehenengoz Sortwo artistak Soraluzeko skate parkea; aurten, berriz, horma-irudi berria egin du. Mural berriaren asmoa kolorearen bitartez leku gris bati itxura aldatzea izan da; izan ere, kolorea asko erabiltzen du bere lanetan.

Bi erretratu ageri dira muralean: gaur egungo bi gazte. Haien presentziak freskotasuna eta bizitasuna ematen dio lanari, egungo gazteriaren energia eta aniztasuna irudikatuz. Gainera, skate parkeko atzeko horma margotzeaz gain, kolorez bete ditu ranpa eta magalak ere.

Jarraian ikus daiteke muralaren lehengo egoera eta oraingoa.