Skategunea eraikitzeko obren hasiera

2021/06/04
Datorren astelehenean hasiko dira skategunea eraikitzeko lanak; "U"-a zegoeneko gunean kokatuko da eta Bilboko La Kantera Skate Eskola arduratuko da lanak aurrera eramateaz.

Datorren astelehenean, ekainak 7, hasiko dira Soraluzeko Skatepark "in situ" eraikitzeko lanak "U" aren gune zaharrean.

Getxoko La Kantera Skate Eskola izango da eraikitzeaz arduratuko den enpresa. Enpresa honek, skate eskola izateaz gain, skateparkeak diseinatu, eraiki eta eraberritzeko zerbitzu profesionala eskaintzen du.

Soraluzeko Skateparka hormigoiz egingo da, eta honako elementu hauek izango ditu:

  • Bi quarter (skatepark-aren alde banatan), 6 metro luze eta 80 zentimetro garai.
  • Erdian 80 zentimetroko diametroa eta 35 zentimetroko altuera duen duna bat.
  • 3 metroko luzera, 75 zentimetroko zabalera eta 35 zentimetroko altuera duen tiradera.
  • Bi jauzi-arrapala.

Inbertsioa 29.500 €-koa izango da, gehi BEZa, eta obra egiteko epea hilabetekoa izango da, gutxi gorabehera.

Gainera, hainbat luminaria jarriko dira, espaziorako argiztapen egokia emateko. Instalazio horiek jartzeko ardura Electricidad Laibi S.L. enpresak izango du, eta inbertsioa 3.660 €-koa izango da, gehi BEZa.

Patricia Borinaga Udal Haurren eta Gazteen Arloko arduradunak azaldu duenez, "Jarduketa honekin udalerriko hainbat gaztek 2019an egindako eskaera bati erantzuten zaio. Eskaera hori ezin izan zen gauzatu 2020an, koronabirusaren ondoriozko krisi ekonomikoak udal-kutxetan izan zuen inpaktuagatik. Hezkuntza, Haur eta Gazteria Batzordea beren aisialdi-ohiturak ezagutzeko eta udalerriko eskaintzan egin daitezkeen hobekuntzak baloratzeko herriko nerabeekin egiten ari den Partaidetza Prozesuaren baitan berriro sortu da eskaera. Etorkizunean, ekonomikoki bideragarria denean eta lor daitezkeen diru-laguntzen arabera, skatea eta padel pista batera estaltzea da asmoa".

Baltegieta kalea itxita

Astelehenean itxi egingo da kalea 9: 00etatik 11: 00etara bitartean, skate egiteko behar den materiala deskargatu ahal izateko.

Ordu horien artean, PESAk EIBAR noranzkoan dituen BUS geltokiak saihesbidearen muturretara eramango dira; Mendarokoak, berriz, Sagar Erreka, Ezozibide, Estaziño eta Errekalde geltokietan.