Iazko ekitaldi ekonomikoko superabita

2019/04/15
Premiazko hainbat konponketa eta inbertsio egiteko erabiliko du Soraluzeko Udalak iazko ekitaldi ekonomikoan izandako 398.734 euroko soberakinaren zatirik handiena.

Apirilaren 10ean izandako Osoko Bilkuran jakinarazi zen moduan, Soraluzeko Udalak 398.734 euroko soberakinarekin amaitu zuen 2018. urtea. Hori izan zen, iazko urtean, Udalak egindako gastu eta izandako sarreren arteko aldea.

Soberakin horren zatirik handiena, 303.000 euro, ondorengo beharrak asetzera bideratuko du Udal Gobernuak:

  • Kiroldegiko igerilekuko sabaia konpontzeko lanak, 233.000 euro.

  • Igerilekuko hezatasuna erregulatzen duen desumektadora, 20.000 euro.

  • Udaltzaingoaren ibilgailu berria, 30.000 euro.

  • Udal brigadaren ibilgailu berria, 20.000 euro.

Aipatutako beharrak premia-premiazkoak dira. Udaltzainen zein zerbitzuetako lan-taldearen ibilgailuak, esate baterako, oso zaharrak daude, eta edozein egunetan ibiltzeari lagatzeko arriskua dago.

Soberakineko 95.734 euro gorde egin ditu Udalak, urtean zehar sor daitezkeen beharrei erantzuteko.