Sologoeneko zentral hidroelektrikoa

Sologoeneko zentral hidroelektrikoa

2018/01/12
Soraluzeko Udalak 60.000 euroko inbertsioa egingo du aurten Sologoeneko zentral hidrolektrikoaren errentagarritasuna hobetze aldera.

Soraluzeko Udala 2017ko abuztuaren 9an egin zen Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren jabe, aurretik zentrala ustiatzen zuen Sozietate Publikoa likidatuta.

Zentralean argindarra ekoizten jarraitzearen aldeko apustua egin du Udalak eta bertan hainbat inbertsio egingo ditu hurrengo urteetan, zentralaren errentagarritasuna hobetze aldera.

Zentralaren sorrera

Sologoeneko Zentral Hidroelektrikoa 1989ko abenduaren 28an eratu zen, eskritura publiko bitartez.

Eusko Jaurlaritzak, EEE-ren ( Energiaren Euskal Erakundea) laguntzaz,  eta Soraluzeko Udalak “Central Hidroelectrica Sologoen S.A” Sozietate Publikoa eratu zuten zentral hidroelektrikoa ustiatzeko.

Zentrala eratu zenean, akziodunek eginiko ekarpenak ondorengoak izan ziren:

  • Soraluzeko Udala: 75 urterako ur-emakida edo kontzesioa (5.000l/s) eta  10 milioi pezetatan baloratutako zentrala.
  • Eusko Jaurlaritza: 2 milioiko balioa duen bideragarritasun txostena eta 50 milioi pezeta.

Ekarpen hauei eta etorkizunean eman ziren kapital gehikuntzei esker Sozietatearen jabetza honela banatu zen:

  • Soraluzeko Udala: Kapitalaren % 6,37; 10.000 akzio
  • Eusko Jaurlaritza: Kapitalaren % 93,63; 147.016 akzio.

Gipuzkoako Lurraldeko Industria Ordezkaritzaren baimena lortu ondoren, 1991ko irailaren 19an ipini zen martxan Sologoeneko zentrala.

Zentralaren itxiera

2013. urtean Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren arrazionalizatzeko eta berrantolatzeko estrategiaren barruan, beste neurri batzuen artean, Sologoen sozietatearen likidazioa aurreikusi zuen.

2016ko maiatzaren 4an izandako Osoko Bilkuran, Soraluzeko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdiek aho batez onartu zuten Sozietatearen likidazioa. Eta 2016ko abenduaren 16an, sozietatearen likidazioa eskrituratu zen. Ondoren, Sozietatearen aktiboaren banaketa gauzatu zen akziodunek zuten portzentajearen arabera.

Etorkizunari begira zer?

2017ko abuztuaren 9an Soraluzeko Udala zentralaren jabe egin zen. Jarraian, zentralari buruzko bideragarritasun txosten bat enkargatu zuen. Txosten horrek beharrezkoak diren hobekuntzak egiten diren bitartean zentrala errentagarria izango dela ondorioztatu zuen.

Hori horrela, Udalak bideragarritasun txostenean zehazten diren inbertsioak burutuko ditu hurrengo urteetan, zentralaren errentagarritasuna hobetzeko asmoz. Horretarako 60.000€-ko partida bat aurreikusi du 2018ko Udal aurrekontuetan.

Honetaz aparte, kanpo aholkularitza bat ere kontratatuko da etorkizunera begira, zentralean eman behar diren pausoak zeintzuk diren jakiteko.

Zentralaren energia-ekoizpena

Zentralak urtero bataz beste 815.000 kwh ekoizten ditu, baina kontutan izan behar dugu gaur egun bere errendimendua %50ekoa dela. Konparazio batera, esan liteke 2017. urtean Soraluzeko argiteria publikoak eta udal eraikinek (Kiroldegia, Udaletxea, Itxaropena Epa, Futbol zelaia etb…) 559.571 kwh-ko kontsumoa izan zutela.

Zer da zentral hidroelektriko bat?

Errekako uretan dagoen grabitazio energia potentziala aprobetxatzea posible egiten duen instalazio bat da, turbina bidez argindar bihurtuz.

Energia hidraulikoa energia berriztagarria da, euri urak aprobetxatzen ditu eta prozesuan zehar erabilitako ura berrerabili egin daiteke.

Sologoeneko zentralaren instalazioak

Ur Aprobetxamendua: Deba ibaian aurkitzen den presa, konkretuki Osintxu auzoan (Bergara). 31 metro luzerakoa eta 3,5 metro altuerakoa. 2,5 metro zabalerakoa.Arrainek  presa zeharkatzeko azpiegitura ere badauka.

Ura bideratzeko Kanala: Presaren ezkerreko aldetik hasiera ematen zaio 56 metroko luzerako kanalari. Kanalak errepidea lur azpitik igarotzen du eta 247 metrotako tunel bitartez, Mugarriko mendia zeharkatzen du. Ondoren beste 286 metroko kanalak jarraitzen du eta berriz ere beste 138 metrotako tunel bitartez Hirukurutzetako mendia zeharkatzen du. Azkenik beste 96 metrotako kanalaren bitartez, Zentraleko makina gelara iristen da. Guztira 385 metrotako luzera daukate tunelak eta 438 metro kanal irekiak. Beraz guztira Kanalaren luzera 823 metrokoa da.

Makina gela: 145 m2 ditu eraikinak. 9 metrotako ur jausia dago bertan. Eta Kaplan izeneko ardatz bertikaleko eta erregulazio bikoitzeko Kossler Iberica S.A turbina aurkitzen da. Baita 425 KW alternadorea ere. Urak behin turbinatu ondoren, berauek berriz ere Deba ibaira isurtzeko hustubidea ere badago.