Inbertsio berriak Sologoeneko zentralean
Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, beste batzuen artean, Sologoeneko ekoizpen hidroelektrikoaren mantenu, kontserbazio eta ustiapenean laguntzeko zerbitzuaren kontratua Barbo Renovables S.A. enpresari esleitzeko erabakia hartu zuen, urtean 21.780 euroko zenbatekoz, BEZa barne.
Halaber, zentralaren zamatze kamarako baskulantearen eta sareto garbigailuaren hartuneko garbiketa atearen konponketarako obra kontratua I.M.O enpresari esleitzea erabaki zuen, 7.010 euroko zenbatekoz, BEZ-a barne.
Iazko abuztuan, Soraluzeko Udala zentralaren jabe egin zenean, bertan hainbat inbertsio egiteko asmoa agertu zuen, zentralaren errentagarritasuna hobetzeko helburuarekin.
Zentralak elektrizitatea ekoizteko turbina bat dauka eta beronen mantenu eta kontserbazio integralak berebiziko garrantzia dauka zentralaren funtzionamendu egokirako. Horrelako aparatuen matxuren konponketak so garestiak izaten dira eta zentral beraren errentagarritasuna kolokan jar dezakete. Ondorioz, udalak, apustu garrantzitsua egin du instalazioen egoera ahalik eta egokiena izan dadin.
Aipatutako inbertsioez gainera, zentral hidroelektrikoa urez hornitzen duen kanala garbitzeko lanak ere egin ditu Udalak. Modu honetan kanalak ur gehiago eramango du eta, ondorioz, elektrizitate KW gehiago ekoizteko aukera izango du. Lan hauek Amaro Eraikuntzak eta proiektuak S.L. enpresari esleitu zaizkio 8.857,2 euroko zenbatekoz, BEZa barne.
Gauza horrela, Soraluzeko Udalak 78.230 euro inbertitu ditu 2018. urtean zehar Sologoeneko zentral hidroelektrikoan:
- Instalazioen automatizazioa: 40.583,40 euro.
- Mantenu, kontserbazio eta ustiapena: 21.780 euro.
- Kanalaren garbiketa: 8.857,2 euro.
- Bestelako konponketak: 7.010 euro.