Sologoenerako kanpo-aholkularitza

Sologoenerako kanpo-aholkularitza

2018/01/25
Udalak SMEenergy enpresa kontratatu du Zentral Hidroelektrikoan egin behar dituen inbertsioetan aholkularitza zerbitzua eskain diezaion.

Urtarrilaren 12an web-atari honetan argitaratutako berriak zioen moduan, Soraluzeko Udala 2017ko abuztuaren 9an egin zen Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren jabe, aurretik zentrala ustiatzen zuen Sozietate Publikoa likidatuta.

Zentrala eskuratu ondoren, beronen bideragarritasunari buruzko txostena eskatzea izan zen Udalak egin zuen lehendabiziko gauza, SMEenergy etxea izan delarik txostena idatzi duena.

SMEnergy etxeak Udalari helarazi dion txosten horren ondorioak aztertu ostean, energia elektrikoaren ekoizpenarekin jarraitzeko apustua egin du Udalak eta bideragarritasun txosteneko lehenengo eszenatokian aurreikusitako hobekuntza obrak egitea erabaki du, horretarako 60.000 euroko diru partida aurreikusiz 2018ko aurrekontuetan.

Hobekuntza obra horiek egiteko orduan beharrezkoa ikiakusi da aholkularitza espezializatu baten laguntza izatea eta, hori horrela, bideragarritasun azterketa egin duen enpresa bera kontratatzea erabaki da, ondorengo lanak burutzeko hain zuzen ere:

  • Egin beharreko lanen plangintza orokor bat ezartzea.
  • Faseka egin beharreko hobekuntzak.
  • Erosketa eta kontratuen gestioa: pleguak egitea, eskaintzak aztertzea, e.a…
  • Elkor enpresarekin dagoen egungo mantenu-kontratuaren hobekuntza eta etorkizuneko lizitazioetarako plegua.
  • Kudeaketa teknikoa: Elkor edo hau ordezka lezakeen enpresari mantenu-lanetan laguntzea, mantenu-lanen jarraipena eta kontrola egitea, aseguru polizen kontratazioan laguntzea, ekipoen erosketan eta bestelakoetan laguntzea.
  • Kudeaketa administratiboa: Komertzializatzaileekin (hileroko fakturazioaren konprobaketa, penalizazioak, e.a…), erakunde publikoekin, Ur Kontsortzioarekin, industria eta ingurumen sailekin izan beharreko harremanetan laguntzea, baita bestelako zereginetan ere: lineako peajea, egungo legediaren betetzea, ikuskaritza ofizialak “oca”, zerga espezifikoen likidazioak, finantza arloko aholkularitza, balizko diru-laguntzen azterketa, e.a.
  • Aldizkako kontrolak, urteko txostenak.

Kontratuaren baldintzak ondorengoak izango dira:

- Epea: urte bat, 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31rarte.

- Prezioa: hileko 1.200 € + BEZa.