Soraluze Bizi 2022-2030, abian da etorkizuneko erronkak jasotzen dituen irudi eta ekimen plan berria
Iker Alazabal alkatea eta Veronica Galarraga zinegotzia, Soraluze Bizi 2030 irudi berriaren bi enarekin,gaurko aurkezpenean.

Soraluze Bizi 2022-2030, abian da etorkizuneko erronkak jasotzen dituen irudi eta ekimen plan berria

2022/07/07
Soraluzeko Udalak herriaren ikono diren dolmen eta menhirren irudiak erabiliz marka berria sortu du “herriak dituen aberastasunak balorean jartzeko”

Soraluze bizitzeko herri aparta dela gogorarazi eta herriak dituen altxorrak balorean jartzeko irudi berria aurkeztu du Udalak: Soraluze Bizi 2030. Datozen hilabete eta urteetarako proiektuak jasotzen dituen egitasmo planaren ikur berria aurkezteko ekitaldian hartu dute parte Iker Aldazabal alkateak eta Hezkuntza eta Hizkuntz Politika zinegotzi Veronica Galarragak. “Herriaz harro gaudela adierazi eta etorkizunari begira erronka berriei eusteko helburuarekin elkartu gara gaur hemen. Horretarako, sortu berri dugun irudi eta egitasmo berria aurkeztu nahi dizuegu: Soraluze Bizi 2030. Oso gurea den irudia azaltzen da bertan, azken aldian indarra hartzen ari dena eta bolo-bolo dabilen ezaugarri bat  oinarri duena: dolmenak eta menhirra”, nabarmendu du alkateak.

Aldazabalek gogoratu duenez, ildo beretik aurkeztu berri dute, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, horren inguruko liburua ere, Soraluzeko berdegunetik ibilbideak egitera animatzea helburu duena: “Ikerketan sakontzeko eta gure herriko ondarea babesteko eta zaintzeko apustua egiten ari gara, eta balorean jarri nahi dugu”, gaineratu du. 

Zentzu honetan, hemendik aurrera herriaren izenarekin hitz jokoa egiten duen irudia erabiliko dute egitasmo ezberdinak aurkezteko: SORA LUZE BIZI 2030. Soraluze “luze biziko den herria” dela irudikatuz. Irudian harriak zuriz dauden bitartean berde kolorea da nagusi, aisialdirako ekimen osasuntsuak bultzatzea helburu. Dolmenak ezagutzera joaten direnek naturarekin bat egin eta ingurune aparta ezagutzeko aukera baitute. Marka berri honekin herritarrak “herriaz harro” sentiaraztea nahi dute udal ordezkariek. “Bizia den eta bizitza egiteko egokia den herria dugu; bertan bizi eta aisialdiaz gozatzeko aproposa. Halaber, Soraluzek eskaintza aukera zabala duela gogorarazi nahi dugu, Udalak antolatzen dituen ekitaldiez gain, bertako eragileek egiten duten lan handiari esker”, adierazi du alkateak.  

Soraluzek duen aniztasuna ere irudikatzen du Udalaren irudi berriak. Hala, dolmen ezberdinak azaltzen dira irudian; Soraluze herri anitza dela erakutsiz. Era berean, Soraluze 2022-2030 esaldia menhirraren barruan sartu dute, “herriak eta herritarren aniztasunak bertan bat egiten dutela eta guztiak soraluzetarrak” direla irudikatuz.  Hemendik aurrera herriko ekitaldi guztietan, esku-orrietan zein sare sozialetan zabalduko dute Soraluze Bizi 2030 irudi berria.

       Baina ez da irudi soila izango. Irudi honek ekimen plan berri bat barne hartzen du. Eta ondoko bost ildo nagusi ditu:

1. Berrurbanizatu, irisgarritasuna bermatu eta zerbitzuak egokitu:

Orain arte egindakoa ahaztu gabe, etorkizunean auzoak biziberrituz jarraituko dute, irisgarritasuna bermatuz, zaharkituta dauden guneak berrurbanizatuz eta zerbitzuak egokituz. Aldazabalek nabarmendu duenez, hainbat egitasmo dituzte aurreikusita horretarako. Hala, degradatutako gune urbanistikoen birgaitzeari dagokionez, Sapako birgaitzea da egitasmo nagusiena. “Duela gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiarekin aurkeztu genuen proiektua eta erabilera anitzeko gune estali bat sortuko dugu bertan. Halaber, Pascual Churruca eraikina eraitsiko dugu hurrengo urte hasieran, babes sozialeko 29 etxebizitza eraikitzeko. Era berean, Alde Zaharrean kokatzen den Santa Ana 2ko eraikinaren eraisketa lanak egingo ditugu, hondamen egoeran dagoelako. Bestalde,  landa bideetan ere asfaltatze lanak egingo ditugu”, azaldu du alkateak. 

       Zerbitzuak egokitzeari ere ekingo dio Udalak. Honela, komun publiko berriak jarriko dituzte Alde Zaharrean eta herriko zenbait kale ere asfaltatuko dira.  “Haur, nerabe zein etxeko helduenei zuzendutako hainbat lan ere egingo ditugu. Besteak beste, gaztelekuko argiteria zaharberrituko dugu, bertako lanabesak gordetzeko armairu berri bat erosi, zaharkituta dagoen bilarra kendu eta berria ipintzeaz gain eta, Itxaropena jubilatu etxean komun publikoak berritu eta terrazaren irisgarritasuna bermatuko dugu. Lan hauek datorren astelehenean (uztailak 11) hasiko dira”, jakinarazi du alkateak. Azkenik, Itxaropena alboan dagoen orubean ur zurrut eta guzti izango duen haurrentzako parkea eraikiko dutela nabarmendu du.

Veronica Galarragak bere aldetik, abuztuan haurreskola itxita dagoela aprobetxatuz,  barruko lurra berrituko dutela azaldu du eta  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin elkarlanean,  Plaentxi Herri ikastetxearen irisgarritasuna bermatzeko igogailu panoramikoa jartzeko proiektua idazten dabiltzala aurreratu du: “Ikastetxeko patioko lurra ere leunduko da eta, futbol-zelaiaren markajea egingo da, bertako estalpeko argiteria zaharberritzeaz gain”. “Eta ezin dugu ahaztu kiroldegiko igerilekuko konponketa lanak burutu genituela eta kiroldegiko gimnasiorako bost makina berri jarri ditugula. Hobekuntzen helburu horri jarraiki aldagela berrien egokitzapena bideratuko dugu”, nabarmendu du Aldazabalek.

2. Enplegua bultzatu: 

BIZI KALE merkatari elkartearekin bertako merkatarien ondorengotza eta ekintzailetza bultzatzeko dirulaguntza lerro berria lantzen ari direla jakinarazi du alkateak. Bestalde, dagoeneko aurkeztu dituzte arlo honetako hainbat egitasmo garrantzitsu, Aldundiarekin elkarlanean bultzatuko dituztenak: Elkarrekin egitasmoa, langabezian dauden pertsonak lan merkatuan txertatzeko esperientzia pilotua; Udalaren jabetzakoa den eta Kalebarren 8an kokatzen den lokala zaharberritzea enplegu eta gizarteratze zerbitzu berria martxan jartzeko, eta Debabarrenako gazteek etorkizunera begira lan aukerak izan ditzaten Olaldeko pabiloian egokituko duten lantegi-eskola sortzea. Gainera, urte amaieran izango dituzte Debabarrenako ponentziaren emaitzak eta espero dute Soraluzek behar dituen proiektuak gauzatzeko baliabide ekonomikoak ahalbideratzea.

3. Kulturari eta aisialdi aukerei bultzada:

Soraluze herri bizia da eta jarduera anitzak eta denontzako eginak eskaintzen jarraitzeko helburuarekin jarraituko dute datozen urteetan ere. Eragileekin elkarlanean ahalegin berezia egingo dute kultura egitarau zabala eskaintzeko, alkateak nabarmendu duenez, “herritarrek Soraluze aukeratu dezaten bai bizitzeko eta baita gozamenerako ere”. Hala, hileko agenda kulturala banatzen jarraituko dute eta auzoetako festak babesten. Datorren asteburuan, esaterako, San Andres Landa guneko jaiak dira eta Udaletik laguntza berezia jasotzen dute festak antolatzeko, ahaztu gabe bi urte luze ondoren uztailaren bukaeran Santiago eta Santa Ana jaiak izango dituztela berriz ere. Bestalde, Soraluzeko historiaren inguruko liburua aurkeztuko dute datorren udazkenean, Javier Elorza herriko historiagilearen eskutik. “Olaldeko lantegi-eskolan erabilera anitzeko gune bat ere sortuko dugu eragile soziokulturalen beharrei erantzunez.

Bestalde, musika eskolarekin eta Pil-Pilean kultur elkartearekin hitzarmenak sinatu ditugu”, jakinarazi du alkateak. Halaber, aisialdirako eskaintza zabaltze aldera proiektu erakargarria prestatzen ari direla gaineratu du: “Deba ibaiaren alboan, Linazibar lur sailean aisialdi gune berria eraikitzen ari gara eta aurki aurkeztuko dugu”.

4. Herri garbia eta segurua:

Soraluze herri garbia eta segurua izaten jarraitzeko ekimenak ere bultzatuko dituzte. Bide horretan hainbat hobekuntza eta sentsibilizazio kanpaina landuko dituzte. Herri seguru batek ez duela inolako indarkeriarik onartzen gogorarazi dute udal ordezkariek, ez indarkeria matxistarik ezta bestelako erasorik ere. “Era berean, herri seguru bat ongi argiztatutako herria da eta puntu beltzik gabea eta baita Udaleko zerbitzuak herritarren eskura egotea ere. Zentzu honetan, ondoko egitasmoak nabarmendu nahi ditut: Debabarrenako Mankomunitatearekin elkarlanean abuztuan kaleetako espaloien garbiketa bereziak egingo ditugu herriko gune ezberdinetan. Gainera, herriko sarrera-irteeran kamerak jarriko ditugu herritarren segurtasuna bermatzeko eta kale argiteria berrituko dugu arazoak ematen dituen guneetan. Halaber, Aldundiak sei farola jarriko ditu Hirukurutzetako biribilgunean, dolmenen ibilbideko seinalizazioa eta menhirra dagoen tokian”, azaldu du alkateak.

5. Energia berriztagarriak eta ingurumenaren babesa helburu: 

Soraluzek ere eraldaketa ekologikoari lehentasuna eman behar dio eta poliki-poliki energia eredua aldatzen joan. Zentzu honetan, Soraluze Bizi 2022-2030 egitasmoak  hainbat neurri aurreikusten ditu eraldaketa abiarazteko eta soraluzetar guztion inplikazioa ezinbestekoa izango da horretarako. Alor honetan ere hainbat  proiektu garrantzitsu ditu Udalak, hala nola, eguzki panelak jartzea energia kontsumorik handiena duen eraikin publikoan, hau da, kiroldegian eta baita futbol zelaiko argiteria zaharberritzea ere. “Era berean, kiroldegiko eraikineko gela desberdinetako (AEK-gela, ludoteka, Tolarekua erabilera anitzeko gela, liburutegia eta erakusketa gela) leihoak zaharberrituko ditugu  kutsadura akustikoa eta energia galerak ekiditeko”, adierazi du Aldazabalek.

Bestalde, ingurumena zaindu eta herrian bertan dituzten altxorrak balorean jartzeko lanean jarraituko dute. “Zentzu honetan, mendi gaineko lur sailen erosketekin jarraituko dugu, zuhaitz landaketa berriak egiteko udazkenean. Bestalde, Sologoen elektra etxeak energia hidraulikoa sortzen izan duen urteko ekoizpen oparoaren berri emango dugu”, nabarmendu du alkateak.  

       Bost ildo nagusietan batu dituzten proiektu estrategiko horiek guztiak Soraluze Bizi 2022-2030 egitasmo berriarekin lotuko dituzte aurrerantzean eta herritarrak euren herriaz harro egon eta mezu horrekin identifikatzeko ekimenak burutuko dituzte. Horren adibide dira ekitaldian aurkeztutako bi enarak eta, besteak beste, herriko hainbat lekutan jarriko diren plakak.