Soraluzek Muskiritzu eremu degradatua berreskuratuko du, 2.250 zuhaitz autoktono landatuta

2022/11/15
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak eta Soraluzeko Udalak Muskiritzuko eremu degradatua berreskuratuko dute 2.250 zuhaitz autoktono landatuta. Horretarako, Foru Aldundiak 33.800 euro bideratuko ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak eta Soraluzeko udalak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Ipiñarrietako ingurunean ekologia hobetzeko, Muskiritzuren hego magalean, hiru lursailak lehengoratu eta naturalizatuta. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 33.800,38 euro bideratuko ditu.

Jarduera honek hainbat helburu ditu: batetik, baso autoktonoa bultzatzea, horri lotutako florarekin eta faunarekin batera, 2.250 zuhaitz autoktono landatuta; bestetik, lurzoruaren babes funtzioa handitzea kalitatezko eta denboran irauteko moduko landare estalkia jarrita; eta, azkenik, klima aldaketaren aurka borrokatzea, hala eragina arintzeari nola klima aldaketaren eraginera egokitzeko gaitasuna hobetzeari dagokienez.

Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, "Muskiritzun egingo dugun lehengoratze lan honek aukera emango digu bermatzeko gure ekosistemak jarraituko duela eta azpiegitura berdeak sustatzeko klima aldaketara egokitzeko neurri gisa, horiek baitira CO2 hustubide nagusiak. Horrek guztiak, soraluzetarren ongizatea, bizi kalitatea eta osasuna hobetzeaz gain, naturarekin birkonektatuko ditu eta Soraluzeren paisaia kalitatea hobetuko du".

 

Urban Klima 2050 proiektuaren baitan

Lehengoratze lan horiek burutuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak eremu degradatuak berreskuratu eta leheneratzeko eta azpiegitura berdeak hobetzeko jarduera eta proiektuetarako dirulaguntzen baitan. Horrez gain, Aldundia ‹Urban Klima 2050› proiektuaren baitan 20 erakunde biltzen dituen euskal partzuergoko kide da. Proiektu hori Europar Batasunak onartu zuen klima aldaketa arindu eta haren ondorioetara egokitzeko proiektu integratuen arean, helburu duelarik, besteak beste, lurralde mailan estrategia klimatikoak katalizatzea.

Bestalde, azken urteotan, Soraluzeko Udalak lehentasuna eman dio Muskiritzuko hainbat lursail erosteari. Helburuetako bat da  lurrak berreskuratzeko eta lehengoratzeko prozesuak azkartzea, lehengoratutako eremuak ahalik eta naturalenak izan daitezen. Lursail horietan zeuden pinudiak banda marroia gaixotasunak jota zeuden. Horregatik, moztu egin ziren eta Udalak zuhaitz autoktonoak landatuko ditu. Zuhaitz espezie hauek landatuko dira: haritzak, pagoak, astigarrak, lizarrak, urkiak, otsalizarra, gereziondo basatiak, sagarrondo basatiak, elorri zuriak eta beltzak.

Iker Aldazabal Soraluzeko alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio Aldundiaren Ingurumen Departamentuari, "Soraluzeko Udalarekin lankidetzan jarduteagatik, dirulaguntza hori emanda gure herrian basoko lursail horiek lehengoratzeko". Halaber, Aldazabalek ekintza horren garrantzia nabarmendu du: "2.250 zuhaitz autoktono landatuko dira, Soraluzen biodibertsitatea bermatzearen eta bertako espezieak berreskuratzearen aldeko apustu garbia".