Soraluzeko Berdintasun sailak badu bere logoa

2022/10/20
Herri bozketaren ondoren, ‘Norabidea 1’ izan da aukeratutako irudia

Joan den irailean, Soraluzeko Udaleko Berdintasun sailak parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian, soraluzetarrek bi proposamenen artean aukera zezaten arloaren marka-irudia hobekien irudikatzen zuena. Berdintasuneko udal arduradun Patricia Borinagak azaldu duen bezala, bi proposamenak egiteko Irune Jaio argazkilari eta diseinatzailearen laguntza izan zuten, eta bi logo sortu zituen, aniztasuna ideia nagusi gisa hartuta. Joan den urriaren 14an amaitu zen aurkeztutako bi proposamenetako bat bozkatzeko eta aukeratzeko epea, eta, botoen %78,6rekin, Norabidea 1 izenekoa izan da bozkatuena. Irudiak, diseinatzailearen hitzetan, “berdintasunaren eta feminitatearen inguruko ikur ohikoenetatik aldentzen den logo bat planteatzen du, formari dagokionez behintzat, eta balio horien ordezkaritza ikuspegi sinbolikoago batetik sortzea du helburu”.

“Esanahi hori testuaren eta kolorearen eskutik sortzen da (itsas urdina eta urdin argiagoa), hasiera-hasieratik ikusten den bat-bateko interpretazioa emanez. Horrela, forma geometrikoen, koloreen eta posizioen bidez aniztasuna, taldea, aldakortasuna eta naturarekiko harremana (ilargia, bere faseak eta ziklo femeninoetan duen eragina) irudikatzen dira”, azaldu du sortzaileak.

Borinagak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei, beren botoarekin hemendik aurrera Soraluzeko Udaleko Berdintasun arloa ordezkatuko duen irudia aukeratu dutelako.