Soraluzeko Dantza Eskolako izen ematea martxa onean doa; helduek ere eman dezakete izena
Aurreko ikasturte amaieran eman ziren Soraluzeko Dantza Eskola sortzeko lehen pausuak. Dantza eskolaren helburu nagusia Soraluzen dantza praktikatzeko aukera zabala eskaintzea da, bai bertako plaza dantzak (euskal dantza tradizionalak) eta baita dantza garaikidea ere (modernoa, komertziala…). Dantzaren onurak plazeretik gozatzeko aukerak eskaintzera dator dantza eskola hau herrira. Gainera, ikasturtean zehar dantza ikasgelatik kalera eta plazara ateratzea ere izango du xede.
Eskolak bi irakasle izango ditu eta bakoitza dantza diziplina batez arduratuko da: Miren Hazasek plaza dantzen eskolak emango ditu eta Irene Vazquezek, berriz, dantza garaikidearenak. Biak dira eibartarrak, dantzariak eta dantza irakasle trebatuak.
Haur eta gaztetxoen taldeak
Haur eta gaztetxoen lau talde osatuta daude dagoeneko, eta 56 pertsonatik gorak eman du izena dantza eskolan. Oraindik bada izena emateko aukera; horretarako ondorengo galdetegia bete beharko da: Soraluzeko Dantza Eskolako izen-ematea
Aurkezpen ireki bat egingo da dantza eskolari buruzko informazioa eta haren funtzionamenduaren berri emateko; gonbidatuta daude izena eman duten familiak eta eskolari buruzko interesa dutenak.
Lekua: Herri Antzokia
Eskolak irailaren 28ko astean hasiko dira.
Helduen taldeak
Dantza eskolako helduen taldeen izen-emateak ere martxan daude; bai plaza dantzetan eta baita garaikidean ere.
Plaza dantzak
Aurreko ikasturteetatik plaza dantzen saioak martxan egon dira helduentzako eta aurten ere hala jarraituko dute. Martitzenetan 20:00-21:00 bitarte eta eguaztenetan 19:00-20:00 tartean izango dira saioak. Dagoeneko 30 lagun baino gehiagok eman du izena.
Oraindik ere eman daiteke izena plaza dantzetan, ondorengo galdetegia betez: helduen plaza dantzetako izen-ematea
Dantza garaikidea
Dantza garaikidea jasotzeko aukera ere izango dute helduek. Taldeak osatu gabe daude oraindik, baina izen-emateak martxan daude dagoeneko. Izena eman nahi duenak galdetegi hau bete beharko du: helduen dantza garaikideko izen-ematea
Saioak datozen asteetan jarriko dira martxan.
Herritarrak dantzaz gozatzera animatu nahi ditu proiektuaren sustatzaile diren Urrats dantza taldeak eta Soraluzeko Udalak.