Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak maiatzetik uztailera bitarteko egitarau berria kaleratu du

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak maiatzetik uztailera bitarteko egitarau berria kaleratu du

2025/04/30
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak, lehenengo bi programazioen arrakastaren ondoren, udaberri-udako programazioa iragarri du eta izena-emateko epea ireki du.

2024ko apirilean eman zituen lehen urratsak Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak bi urteko sortze-prozesuaren ostean. Ahalduntze Eskolak topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat izan nahi du, emakumeen* ahalduntzea sustatuko duena.

Lehenengo bi programazioen arrakastaren ondoren, Ahalduntze Eskolak udaberri-udako egitaraua kaleratu berri du. Udazken-neguko egitarauaren baitako ekintzen ostean, otsailean egindako balorazio-topaketako ekarpenetatik abiatuta osatu du programaketa berria talde eragileak. 

Egitaraua eta izen-ematea, martxan

Hauexek dira Ahalduntze Eskolak maiatzetik uztailera bitarte emakumeentzat* eskainiko dituen ikastaro eta tailerrak, laburrean:

  • Tailerra: "Barreterapia”
  • Ikastaroa: "Sendabelarrak eta fitoginekologia”
  • Ikastaroa: "Yoga eta emakumea*"
  • Tailerra: "Batukada"
  • Topaketa: "Soraluzeko emakumeon* topaketa"

Egitarau guztia datozen egunetan egongo da eskuragarri, online zein paperean etxez etxe, ekintzen xehetasunekin: eguna, ordua, hizkuntza eta lekua. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Izen-ematea apirilaren 30ean hasiko da eta ikastaroak bete arte egongo da zabalik; ikastaroak betetzen ez diren kasuetan, jarduera bakoitza hasi baino hiru egun lehenago amaituko da behin betiko izen-emate epea. Jarduera guztiek izango dute zaintza zerbitzua eta, beranduenez ere, ekintza baino hiru egun lehenago eskatu beharko da.

Izena emateko bi bide egongo dira:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea
  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.