Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak urritik urtarrilera bitarteko egitarau berria kaleratu du

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak urritik urtarrilera bitarteko egitarau berria kaleratu du

2025/09/23
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak, aurreko programazioen arrakastaren ondoren, udazken-neguko programazioa iragarri du eta izena-emateko epea ireki du.

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat izan nahi du, emakumeen* ahalduntzea sustatuko duena.

2024ko apirilean sortu zenetik aurkeztutako programazioen arrakastaren ondoren, Ahalduntze Eskolak udazken-neguko egitaraua kaleratu berri du. Udaberri-udako egitarauaren baitako ekintzen ostean, ekainean egindako balorazio-topaketako ekarpenetatik abiatuta osatu du programaketa berria talde eragileak. 

Egitaraua eta izen-ematea, martxan

Hauexek dira Ahalduntze Eskolak urritik urtarrilera bitarte emakumeentzat* eskainiko dituen ikastaro eta tailerrak, laburrean:

  • Hitzaldia eta erakusketa: "Xerka"
  • Tailerra: "Xilografia”
  • Ikastaroa: "Zoru pelbikoa indartu”
  • Ikastaroa: "Kosmetika naturala
  • Zineforum feminista
  • Ikastaroa: "Platerean iraultza morea: emakumeontzat* elikadura osasuntsua"
  • Ikastaroa: "Gozogintzari buruzko jakintzak eta zaporeak partekatuz"
  • Topaketa: "Soraluzeko emakumeon* topaketa"

Egitarau guztia HEMEN dago ikusgai eta datozen egunetan paperean etxez etxe ere banatuko da. Bertan ekintza guztien xehetasunak: eguna, ordua, hizkuntza eta lekua. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Izen-ematea gaur, martizena, irailak 23 hasiko da eta urriaren 5era arte egongo da zabalik; ikastaroak betetzen ez diren kasuetan, jarduera bakoitza hasi baino hiru egun lehenago amaituko da behin betiko izen-emate epea. Jarduera guztiek izango dute zaintza zerbitzua eta, beranduenez ere, ekintza baino hiru egun lehenago eskatu beharko da.

Izena emateko bi bide egongo dira:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea
  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.