Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak urritik otsailera bitarteko egitarau berria kaleatu du
barrena.eus

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak urritik otsailera bitarteko egitarau berria kaleatu du

2026/09/28
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak, aurreko programazio guztien arrakastari jarraipena emanez, udazken-neguko programazioa iragarri du eta izena-emateko epea ireki du berrikuntza batzuekin gainera.

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskola topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat da, emakumeen* ahalduntzea eta partaidetza soziopolitikoa bultzatzeko helburua duena.

Aurreko programazioen arrakastaren ondoren, Ahalduntze Eskolak udazken-neguko egitaraua kaleratu berri du. Azken egitarauaren baitako ekintzen ostean, ekainean, egindako balorazio-topaketako ekarpenetatik abiatuta osatu du programaketa berria talde eragileak.  

Egitaraua aberatsa edizio honetan ere

Hauexek dira Ahalduntze Eskolak urritik otsailera bitarte emakumeentzat* eskainiko dituen ikastaro eta tailerrak, laburrean:

  • Indar ariketak 50-65 urte bitarteko emakumeentzat*
  • Crochet tailerra: Hariz hari emakumeon* sareak ehuntzen
  • Barreterapia tailerra
  • Twerk (booty dance) ikastaroa
  • Emakumeen* korrika taldea
  • Gure bizi energia hobetzen: Chi Kung
  • Zineforum feminista
  • Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa

Egitarau guztia HEMEN dago ikusgai eta datozen egunetan paperean etxez etxe ere banatuko da. Bertan ekintza guztien xehetasunak: eguna, ordua, hizkuntza eta lekua. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Izen ematea martxan

Izen-ematea irailaren 28tik urriaren 9ra arte egongo da zabalik; ikastaroak betetzen ez diren kasuetan, jarduera bakoitza hasi baino hiru egun lehenago amaituko da behin betiko izen-emate epea.

Jarduera guztiek izango dute zaintza zerbitzua, baldin eta gutxienez bi haur badaude eta adingabearen adina gutxienez bi urtekoa bada; beranduenez ere, ekintza baino hiru egun lehenago eskatu beharko da.

Plaza kopurua baino izen ematea handiagoa den kasuetan zozketa egingo da. Zozketa urriaren 13an izango da. Soraluzen bizi diren emakumeek* lehentasuna izango dute.

Izena emateko bi bide egongo dira:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea

  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik barixalura, 10:00etatik 14:00etara.

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.