Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa egingo da etzi, ekainak 25, udaberri-udarako programatutako azkenetako ekintza

Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa egingo da etzi, ekainak 25, udaberri-udarako programatutako azkenetako ekintza

2026/06/23
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren udaberri-udako programazioaren baitan azken tailerra, batukadarekin batera, egingo da datorren egunean: Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa.

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskola martxan jarri zenetik herriko emakume* askoren elkargune izan da topaketa; aurtengoa bosgarren topaketa izango da.

Soraluzeko emakumeak* giro informalean, musika eta jan-edanaren bueltan elkartzeko gunea izango da eta elkar topatzea eta elkarrekin gozatzea du xede; bide batez, ahalduntze eskolako udaberri-udako programazioaren balorazioa egingo da eta askotariko proposamen, interes eta ideiak bilduko dira hurrengo programazioa prestatze aldera. Halaber, elkar ezagutu eta elkarrekin gozatzeko dinamikak ere egingo dira.

Apiriletik hona osatutako programazioan ekitaldi ugari egin dira, guztiak ere parte-hartze handiarekin:

  • Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa (2.edizioa)
  • Ongizate emozionala eta autozainketa
  • Hitzaldia: Jarduera fisikoa menopausian
  • Zineforum feminista: “Maspalomas”
  • Mendi irteerak
  • Batukada feminista tailerra (uztailaren 11 eta 12ko asteburuan amaituko da)
  • Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa

Azken hitzordua etzi

Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa izango da, beraz, udaberri-udarako programatutako ekintzen artean azkenetakoa; izan ere, batukada tailerra martxan da oraindik. Momentuz, 28 emakumek* eman du izena topaketan, baina izen-ematea zabalik dago oraindik eta Udaleko Berdintasun Batzordeak zein ahalduntze eskolako talde eragileak Soraluzeko emakume* oro animatu nahi du topaketan parte hartzera.

Eguna: ekainak 25, eguena
Ordua: 18:00 - 20:00
Lekua: Kalebarren 8 (aire girotua egongo da)

Izen-ematea eta zaintza zerbitzua

Zaintza zerbitzua egongo da, aurrez, izen-ematearekin batera eskatuta. Ekainaren 23a izango da zaintza zerbitzua eskatzeko azken eguna.

Izena emateko online, ondorengo galdetegia bete behar da: Ahalduntze Eskolako izen-ematea.

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.