Soraluzeko erailketaren gaitzespena
Gaur, martxoak 16, gure udalerrian emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz gertatu den erailketaren aurrean, Soraluzeko Udalak bere nahigabea eta gaitzespen sutsuena adierazi nahi du, bai eta eraildakoaren inguruarekiko babesa eta hurbiltasuna adierazi ere, behar dituzten informazioa eta udal-baliabideak beraien esku jarriz.
Soraluzeko Udalak argi eta garbi adierazi du ez duela emakumeen giza eskubideen urraketarik onartuko, eta kezkatuta agertu da COVID-19ko osasun-krisiaren ondorioz berrogeialdian eta isolamenduan gerta daitezkeen ekintza eta portaera matxisten gorakadaren aurrean.
Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria matxistak banakako erasotzaileak eta biktimak ditu, baina emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna iraunaraztea helburu duen egiturazko arazo baten ondorio da. Beraz, indarkeria hori ez da gertakari isolatuen edo azalpenik ez duten gertaeren emaitza. Alderantziz, genero-aurreiritziei buruzko sozializazio jarraituaren ondorio larri eta muturrekoena da, emakumeak desoreka materialeko egoeran mantentzen dituen gizarte-ordena bat birsor dadin baldintzak jartzen dituena, beren bizitzak bereziki prekarizatuz eta gizonen parek hiritartzat har ditzaten eragotziz, beren eskubiderik oinarrizkoenak ukatuz.
Soraluzeko Udalak ez du etsiko gure bizikidetza demokratikoaren oinarriei erasotzen dien gizarte-arazo bati erantzuteko behar diren neurri guztiak bultzatzen jarraitzeko ahaleginean. Eta erantzun hori, besteak beste, emakumeen aurkako edozein erasori erantzutetik hasten da, inoiz bakarrik senti ez daitezen, eta emakumeen susperraldia eta erreparazioa erantzukizun kolektibo gisa hartzetik, bai eta erasotzaileek emakumeen artean beldurra sortzeko duten gaitasunari mugak jartzetik, edota beren ekintzak ez direla zigorrik gabe geratuko uler dezaten lortzetik.
Azkenik, Soraluzeko Udalak herritar guztiei dei egiten die, koronabirusaren osasun-krisirako ezarritako protokoloa eta gomendioak jarraituz, etxetik bat egin dezaten Soraluzeko mugimendu feministak antolatu eta bultzatutako gaitzespen-kazeroladekin.
BIKTIMAK ARTATZEKO TELEFONOA
Ondorengoa da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzeko telefono zenbakia: 900840111.
Doakoa eta 365 egunez eta 24 orduz dago erabilgarri.