Ikasgelako erabiltzaileak geroz eta gehiago

2020/02/27
Soraluzeko Udalak duela bi urte zabaldu zuen Ikasgelako bisitari kopurua bikoiztu egin da azken urtebetean; ikasgela urte guztian zehar dago zabalik, goizeko 8etatik gaueko 10etara.

Soraluzeko Udaleko Hezkuntza Batzordeak IKASGELA zerbitzua zabaldu zuen duela bi urte, herritarrei isiltasunean eta baldintza egokietan ikasteko aukera emate aldera.

Zabalik daramatzan bi urte hauetan 70 pertsonak eskuratu du bazkide-txartela.

Erabiltzailerik gehienak unibertsitate eta heziketa zikloetako ikasleak diren arren, badira momentu puntualetan oposaketak prestatzeko erabiltzen dutenak.

Azken urtebetean bisitari kopurua asko igo den arren, bikoiztu egin baita, ikasgelak badauka oraindik erabiltzaile berriak hartzeko tokia.

Urte guztian zabalik

Ikasgelak 24 ikas-toki edo mahai dauzka, ordenagailua konektatzeko entxufearekin eta wifi konexioarekin. Horretaz gainera, kafe-makina eta komuna ere badauzkate erabilgarri erabiltzaileek.

Urtean 365 egunetan dago zabalik, goizeko 8etatik gaueko 10etara.

Zerbitzua 18 urtez gorakoei zuzenduta dago eta erabili ahal izateko beharrezkoa da aurrez Udaleko Arreta Bulegoan izena ematea, txartel elektroniko pertsonalizatua behar baita aretora sartu ahal izateko.

Ikasgelari buruzko informazio gehiago eta erabilerarako arauak hemen kontsulta daitezke.