Soraluzeko Mapa Morea
Gaur, asteartea, irailak 26, egingo da Soraluzeko Mapa Morea prestatzeko prozesuaren barruko lehendabiziko bilera teknikoa. Herritarren partaidetzan oinarritutako prozesu honetan zehar bi motatako bilerak tartetuko dira: bilera teknikoak eta herritar guztiei zuzendutakoak. Aipatu moduan, gaur egingo da lehendabiziko bilera teknikoa eta urriaren 5ean, berriz, herritarrei zuzendutakoa.
Soraluzeko Udaleko Berdintasun Batzordeak sustatzen duen prozesu hau Projekta Urbes enpresak dinamizatuko du eta 3 hilabete inguruko iraupena izango du. Beronen kostua 10.285 eurokoa da, BEZa barne, eta horietatik 7.713,75 euro Emakundek emandako diru-laguntzari dagozkio.
Egitasmo hau abian jartzearen arrazoia udalerria genero ikuspegitik aztertzeko dagoen beharra da, hirigintza ez delako zerbait neutroa. Udalerrien antolaketak, formak eta definizioak eragin handia du pertsonen eguneroko bizitzan. Kale, plaza eta parkeak herritar guztiek erabil ditzaten eginak daude eta, horregatik, ezinbestekoa da espazio horietan segurtasuna, mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Hori horrela, Soraluzeko Mapa Moreak herritar guztien eskura egongo diren espazio publikoak egon daitezen behar diren baldintzak ziurtatzea izango du helburu moduan, 4 lan-ildo hauek kontuan izanik:
Segurtasuna eta autonomia
Mugikortasuna eta irisgarritasuna
Emakumeen presentzia benetakoa eta sinbolikoa espazio publikoan
Zainketa- eta ugalketa-lanak eta eguneroko bizitzarako ekipamendu publikoen sarea
Finean, prozesu honek bilatzen duena Soraluzeko udalerria genero ikuspegitik aztertzea da, eta Soraluzeko Mapa Morea herritarrek eurek sortutako eta herritar guztien beharrei erantzungo dien hirigintza inklusibo bat bultzatzeko tresna izatea.