Mesedeetako Ama zaharren egoitzak eta Lurgaia Fundazioak baso autoktonoa babesteko hitzarmena sinatu dute
Iker Aldazabal alkatea eta zaharren egoitzako patronatoko presidentea eta Lurgaia Fundazioko Jon Hidalgo, hitzarmena sinatu ostean, Irure auzoan.

Mesedeetako Ama zaharren egoitzak eta Lurgaia Fundazioak baso autoktonoa babesteko hitzarmena sinatu dute

2022/11/04
Egoitzak emandako partzela Irure landa-auzoan dago eta Lurgaia Fundazioak eta Soraluzeko Baso Biziak kudeatuko dute aurrerantzean

Soraluzeko Mesedeetako Ama zaharren egoitzak eta Lurgaia Fundazioak lankidetza-hitzarmena (ikusi HEMEN) sinatu berri dute Irure landa-auzoko basoaren kontserbazioa bultzatzeko. Soraluzeko alkate eta zaharren egoitzako patronatuko presidente ere baden Iker Aldazabalek eta Lurgaiaren ordezkari Jon Hidalgok sinatu dute akordioa. Bertan zehazten denez, zaharren egoitza Irureko 1,94 hektareako lursail baten jabe da.

Lursail horrek hainbat balio ekologiko ditu, besteak beste, baso misto atlantikoko formazio naturalak kontserbatzeko eta indartzeko. Lurgaia Fundazioak eta Soraluze Baso Biziak elkarteak, irabazi asmorik gabeko erakundeak, lursail horien kudeaketan interesa dute eta, horregatik, ingurumen hitzarmena sinatu da.

Soraluzeko alkateak, Iker Aldazabalek, adierazi du akordioak aukera emango duela lursail horretan zuhaitzak landatzeko: “Lurgaia Fundazioak eta Soraluzeko Baso Biziak elkarteak kudeatuko dute lursaila, Soraluzeko baso autoktonoa kontserbatu eta lehengoratzeko”.

 

20 urtetarako lagapena 

Partzelaren lagapena 20 urterako hitzartu da, eta epe hori amaitutakoan, aldeetako batek hitzarmena bukatutzat emateko borondatea adierazi arte, hitzarmena automatikoki eta mugarik gabe luzatuko da. Aldeetako batek iraungitzeko nahia adierazten badu, besteari jakinarazi beharko dio, eta, kasu horretan, Lurgaia Fundazioari edo Soraluze Baso Biziak taldeari ez zaie inolako eskubiderik egokituko hitzarmena indarrean egotearen edo azkentzearen ondoriozko partzela guztien edo guztien gainean, ez eta inolako zenbatekorik ere (kalte-ordain gisa edo beste edozein arrazoirengatik).

Erabilera eta kudeaketa horrek hainbat ezaugarri izango ditu:

- Ez da esklusiboa izango, eta, beraz, jabeek aukera izango dute sarbide librea izateko, lurzatia erabiltzeko, baliabideak erabiltzeko, fruituak biltzeko edo antzekoak egiteko merkataritza-helbururik gabe (autohornidura baimenduz, indarrean dagoen araudiaren arabera), betiere horrek ez badu murrizketa garrantzitsurik eragiten lursail horretan egindako lehengoratze ekologikoaren prozesurako.

- Jabeek lurzatien jabetzatik eratorritako gastu eta zergei aurre egin beharko diete.

- Lurgaia Fundazioak eta Soraluzeko Baso Biziak bakarrik ahalko dute ondoko jarduerak burutu: sastrakak kentzea; garbitzea; landatzea; pistak zaharberritzea eta ingurumen-boluntariotzako ekintzak.

 

 

Jarraipen-Batzordea

Lurgaia Fundazioak, Soraluzeko Baso Biziak taldearekin batera, aipatutako lurzatiak kontserbatzearen alde lan egin du, eta bere kontura eta kargura izango dira jarduketa horiek behar bezala burutzeko beharrezkoak diren gastu guztiak. Lurgaia Fundazioak berak proposatuko ditu jarduketa horiek, eta egoitzaren patronatuarekin horretarako sortu den Jarraipen Batzordearen esparruan hitzartuko dira. Era berean, konpromisoa hartzen du lurzati horietan irabazizko jarduerarik ez egiteko.