Soraluzeko toponimoen mapa berria

2020/01/21
Mapa toponimiko berria prestatu eta argitaratu du Soraluzeko Udalak, 500dik gora toki-izenekin; ostegun honetan aurkeztuko dute, arratsaldeko 7etan, udaletxeko saio aretoan.

Soraluzeko Udalak herriko toponimoen mapa berria argitaratu du.

Maparen edizio berria 2009. urtean argitaratutakoaren bertsio eguneratua da, ordukoak baino dezente toponimo gehiago jasotzen dituelarik; halaber, aurrekoan oker zeuden hainbat kontu ere zuzendu dira.

Maparen paperezko bertsioaz gainera, oraingo honetan bertsio digitala ere prestatu da; bertan, espazio faltagatik paperezkoan agertzen ez diren toki-izen gehiago jaso dira.

Herriko toponimia eguneratzeko lanak duela urte dezente hasi zituen Udalak. Tarte honetan, herriari buruzko dokumentu ugaritako toponimia jaso, esanguratsuenen aukeraketa egin eta berauen idazkera arautu da.

Proiektu honetan ondorengoak aritu dira lanean:  Jon Basauri eta Javier Elorza soraluzetarrak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Jose Luis Ugarte eta Euskaltzaindiko Mikel Gorrotxategi.

Argitalpen berriak kale-izendegia ere jasotzen du, herrian azken 10 urteotan izan diren aldaketa arkitektonikoak islatu direlarik bertan.

Diseinuaz eta argitalpen kartografikoaz Gislan Geographic Applications Kooperatiba Elkartea arduratu da; argazkiak Kontrargi Argazkilaritza Elkarteak utzitakoak dira.

Argitalpenak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 9.600 euroko diru-laguntza izan du, 3.000 aleko tirada egin delarik.

Mapa eta kale-izendegi berriak ostegun honetan aurkeztuko dituzte, arratsaldeko 7etan, udaletxeko saio aretoan.

Bertaratzen direnek aurkezpenean bertan jaso ahal izango dute maparen ale bat; gainontzeko interesdunek udaletxeko harrera-bulegoan eskuratu dezakete ostiraletik aurrera.

Aurkezpenaren ondoren mokadu bat hartzeko aukera izango da.