Soraluzeko Udal Liburutegiak arautegi berria eta sarbide publikoko ordenagailuetarako kontrol eta babes sistema jarri ditu martxan

Soraluzeko Udal Liburutegiak arautegi berria eta sarbide publikoko ordenagailuetarako kontrol eta babes sistema jarri ditu martxan

2026/10/30
Soraluzeko Udal Liburutegiak arautegi berria eta sarbide publikoko ordenagailuetarako kontrol eta babes sistema jarri ditu martxan

Soraluzeko Udal Liburutegiak bere jarduna arautzeko eta erabiltzaileei ematen dien zerbitzua zehazteko arautegia argitaratu du. Gainera, liburutegiko sarbide publikoko ordenagailuetan kontrol eta babes sistema berria ere ezarri du.

Arautegiaren nondik norakoak

Liburutegiko arautegi berriak barne hartzen ditu erabilera arau orokorrak, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, arau-hausteen aurrean hartuko diren ondorioak bai eta liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak ere: mailegu-zerbitzua, ordenagailu eta Internet zerbitzua eta erreprografia edo fotokopia zerbitzua, besteak beste.

Arautegia eskuragarri izango da liburutegiko harreran eta ikusgai ipiniko da bertako informazio panelean. Baita udal webguneko Kultura atalean ere, euskaraz,  gazteleraz eta arabieraz.

Ordenagailuen kontrol eta babes sistema

Arautegiarekin batera, udal liburutegiak sarbide publikoko ordenagailuetarako kontrol eta babes sistema berria ere ezarri du erbiltzaileen eskura dauden lau ordenagailu eramangarrietan. Sistema berriaren helburu nagusia adin txikikoak Interneteko arriskuetatik babestea da, baina ordenagailuak txandaka erabiltzea erraztea ere badu xede. 

Sistema berriarekin, ordenagailuak erabili ahal izateko eskaera orria bete beharko dute erabiltzaileek. 16 urtetik beherako haur eta gaztetxoen kasuan, guraso edo legezko tutoreek sinatu beharko dute baimen orria. Halaber, 8 urtetik beherako adin txikikoek (LH2ra artekoek, haiek barne) heldu batekin erabili beharko dute ordenagailua. 

Erabiltzaileek, haur, gazte nahiz heldu, 60 minutuko sesioak egin ahal izango dituzte, eta sesioa amaitu baino 5 minutu lehenago abisua jasoko dute dokumenturen bat gordetzea komeni bazaio ere, debora izan dezan. Hilabetean 20 sesio erabili ahal izango du erabiltzaile bakoitzak.

Bestalde, babes sistemak adin txikikoentzat arriskutsuak eta egokiak ez diren webguneetarako sarbidea oztopatzen du. Edonola ere, liburutegiak ohartarazi nahi du ez dela erabiltzaileek kontsultatutako materialen erantzule.