Soraluzeko Udalak eraso sexistarik gabeko jaien aldeko kanpaina bultzatuko du datozen egunetan

2022/07/20
Udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE) adostutako ekimenak festetan herritarrak kontzientziatzea du helburua

Soraluzeko Udalak, asteburu honetan (uztailaren 22tik 26ra) ospatuko diren eta bost egunez luzatuko diren Santiago eta Santa Ana jaiei begira, eraso sexistarik gabeko jaien aldeko kanpaina bultzatuko  du. Berdintasun batzordeak abian jarritako ekimena udal ordezkaritza duten talde politiko guztien (EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE) artean adostu da eta bere helburua herritarrak kontzientziatzea, berdintasunean oinarritutako jaiak sustatzea eta kaleak, jaietan eta urte osoan, guztionak direla dioen mezua helaraztea da, sexua, adina edo orientazio sexual ororena. “Jaiak, eta are gehiago pandemiaren ondorioz bi urteko etenaldiaren ondoren ospatzen direnak, une erabakigarriak eta oso egokiak dira berdintasuna lantzeko, ikusgarritasuna emanez eta edozein indarkeria matxista edota LGTBIfobikoren aurrean arbuioa eta zero tolerantzia erakutsiz. Izan ere, jaiak askoz gehiago eta hobeto gozatzen dira errespetuz eta tolerantziaz”, nabarmendu du Patricia Borinaga Berdintasuneko udal arduradunak.

 

Zapiak eta banderolak askatasunaren aldeko leloekin

Kanpaina hoen barruan, jaietan eraso matxistak edota LGTBIfobikoak gertatzen direnean jarduteko protokolo bat banatuko da taberna eta txosna guztietan, baita gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak gidak. Era berean, Soraluzeko Jaixetan Aske Gozatu leloa duten zapiak banatuko dituzte herritarren artean. Gainera, banderatxo ezberdinak jarriko dira Zubi Nagusia, Plaza Zaharra eta Etxaburueta kaleko faroletan, ondoko leloekin: Bizi ditzagun jaixak askatasunez eta plazerez!; Jaietan ez du dena balio; Izan zeure buruaren jabe; Erasoen aurrean, autodefentsa feminista!; Bizi sexualitatea askatasunez; Ezetz beti da ezetz!; Nik erabakitzen dut noiz, nola eta norekin; Kaleak eta gauak, geureak dira!; Gora ligoteo sanoa eta Bizi ditzagun errespetuz.

 

Laguntza jasotzeko telefono zenbakiak eta SexuBizi gunea

Kontzientziazio-kanpainaren baitan ere udaletxeko fatxadan olana bat jarriko da, edozein motatako erasoren bat jasanez gero edo haren lekuko izanez gero laguntza jasotzeko telefono-zenbakiekin. Eta, azkenik, uztailaren 23an, larunbata, 23:00etatik 2:00etara, SexuBizi babes-gunea jarriko da Plaza Berrian. Bertan, eraso sexistei edota LGTBIfobikoei aurre egiteko baliabideak eskainiko dira, eta sexualitateari buruzko informazioa eta materiala emango da