XXVI. Gaztañerre Azoka ospatuko dugu bihar larunbata (azaroak 12)

2022/11/11
Baserrietako abereak eta produktuak egongo dira erakusgai eta salgai Erregetxen

Bihar azaroaren 12an, larunbata, Soraluzeko Udalak eta DEBEMEN elkarteak antolatuta, XXVI. GAZTAÑERRE AZOKA ospatuko da Soraluzen. Urtero egin ohi den bezala, Erregetxen baserrietako abereak eta produktuak egongo dira erakusgai eta salgai 10:00etatik 14:00etara bitartean. Horrez gain, artisauek ere beren lanak erakutsi eta salduko dituzte.

Guztira hiru postu jarriko dira Soraluzeko Lezarri eta Arizaga baserritan ekoizten diren produktuekin: hain zuzen ere barazkiak, frutak, eztia, gazta, ogia… Bestalde, Egotza Baserriko Nagore Martinek ahuntz gazta salgai izango du.

Soraluzeko artisauek material desberdinak erabiliz (zumitza,  larrua, egurra, oihala...) egiten duten artisautza ikusteko eta erosteko aukera ere egongo da.  Besteak beste, artisauak honako hauek izango dira: Edurne Garate, Amaia Amor, Nuria Muro, Kristina Albisua, Saadia Nasir, Antxon Fresnedo, Lorea Calles, Idoia Katxo, Jon Mendikute, Mayara Zarobe eta Andoni González. Eta Juan Kruz Arizagak aintzinako aroztegiko tresnen erakusketa bat ere egingo du.

 

Txerri saiheski pintxoak, salgai

San Andres auzoko baserritarrek txerri saiheski erre pintxoak salgai jarriko  dituzte. Sagardo lehiaketa ere antolatu da larunbat honetarako.

Erregetxe plazan ere Soraluzeko baserrietanko abere desberdinak ikusi ahal izango dira (pirenaikak, limusinak, suizak, hereford, salers, asturiarrak…), astoak, zaldia, idiak… Abere hauek Osuma-Gain,  Itxasoi, Obe, Ezozi, Iraola Etxeberri, Barrenetxe, Iraolabeitia, Belarreta eta Mendizabal baserrietakoak izango dira. Bestalde, 12:30ean bertsolariak eta dantza saioa izango da Erregetxen.

 

 

Omenaldia

Jarraian, Soraluzeko baserrietan bizi diren aiton-amona nagusienei omenaldia egingo zaie. Aurtengo omenduak honakoak dira:

  • - Magadalena Zubizarreta Albisu (1937) (Muneta baserria)
  • - Francisco Elizburu Gorrotxategi (1936) (Kirueta baserria)

Bestalde, Osuma-azpi baserriko Elena Agirregomezkortari omenaldi berezia egingo zaio. Bizi guztian herriko azokan bere baserriko produktuak saldu dituelako eta bihar delako jubilatuko den eguna.

Gainera, aurtengo anaiarteko bazkaria datorren azaroaren 19an, larunbata, ospatuko da Soraluzeko Batzoki Jatetxean.