Soraluzeko Udalak hainbat lan-saio egingo ditu IV. Berdintasun Plana diseinatzeko
barrena.eus

Soraluzeko Udalak hainbat lan-saio egingo ditu IV. Berdintasun Plana diseinatzeko

2026/01/30
Soraluzeko Udalak hainbat lan-saio egingo ditu IV. Berdintasun Plana diseinatzeko herriko eragile feminista, hezkuntza komunitate, ordezkari politiko eta udal langileekin.

Soraluzeko Udalak Emakume eta Gizonen arteko III. Berdintasun Planaren ebaluazioa egin du azken hilabeteotan eta aurrerantzean, IV. Berdintasun Plana prestatzeari ekingo dio. Egiteko horretan Farapi Kooperatiba aholkularitzaren laguntza izango du eta elkarlanean landuko dute herriko hainbat eragile eta norbanakorekin.

Prozesu hau aurrera eraman eta emaitza eraginkor eta errealak atera ahal izateko, ezinbestekoa da Udaleko langileen laguntza, arduradun politikoen inplikazioa eta herriko elkarte, eragile eta norbanakoen parte hartzea eta iritzia.

Hori dela eta, Udalak hainbat lan saio antolatuko ditu: lehengoa, udal langile eta ordezkari politikoekin; bigarrena, eragile feministekin; azkena, Soraluzeko hezkuntza formal eta ez-formaleko komunitate kideekin.

Martitzenean hitzordua

Datorren martitzenean, otsailaren 3an, bilduko dira herriko eragile eta norbanako feministak IV. Berdintasun Planaren hasierako zirriborroa ezagutu eta kontrastatzeko; izan ere, denon artean zehaztu nahi dira IV. Berdintasun Planaren lehentasunak.

Eguna: otsailak 3, martitzena
Ordua: 18:00 - 20:00

Lekua: Kalebarren, 8

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna, denen artean eraiki beharreko gaia da; beraz, Udaletik prozesu honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu soraluzetarrak, guztion ekarpenak beharrezkoak eta interesgarriak direlako.