Soraluzeko Udalak herritar berriei harrera integrala eta komunitarioa egiteko protokoloa aurkeztuko du datorren urriaren 15ean

Soraluzeko Udalak herritar berriei harrera integrala eta komunitarioa egiteko protokoloa aurkeztuko du datorren urriaren 15ean

2026/10/13
2025eko abenduan hasitako lanketaren prozesua amaituta, Harrera Protokoloaren nondik norakoak eta tresnak ezagutzera emango dira Kalebarren 8n egingo den ekitaldi irekian.

Soraluzeko Udalak, herrira etorri diren bizilagun berriei harrera integrala, komunitarioa eta inklusiboa egiteko protokoloa diseinatu du. Egindako lana aurkeztu eta aurrera begirako pausoak azaltzeko, ekitaldi irekia egingo da datorren ostegunean.

  • Noiz? Urriaren 15ean, osteguna
  • Ordutegia: 18:00etan
  • Non? Kalebarren 8n.

Egitasmo hau azken urteotan, Hezkuntza Foroan zein AROA lantaldean besteak beste, identifikatutako beharrei erantzuteko asmoz abiatu zen, 2025eko abenduan. Ibilbide honetan, Talde Eragile batek hartu du protokoloa diseinatzeko ardura nagusia, Emun aholkularitzaren bidelaguntzarekin.

Protokoloa sortzeko prozesua sakona eta parte-hartzailea izan da. Lehen pauso gisa errealitatearen diagnostiko kuantitatiboa eta kualitatiboa egin zen. Fase kualitatibo horren baitan, hainbat galdetegi eta elkarrizketa bideratu dira; era berean, herriko ume eta gazteen behar espezifikoak identifikatu dira kontseiluetan, ikastetxeak bidelagun hartuta. Ondoren, diagnostikotik ateratako ondorioak aztertu eta lehentasunak identifikatu dira.

Prozesu horren guztiaren fruitua da orain aurkeztuko den Harrera Protokoloa. Dokumentu honek, harrera prozesua bera definitzeaz gain, herritar berrien beharrei erantzuteko egitura zehatzak eta tresna praktikoak eskaintzen dizkio herriari.

Herritarrei, erakundeei eta elkarteei gonbidapen irekia

Harrera protokoloa komunitatearen parte hartzearekin garatzen jarraitzea da asmoa. Horregatik, Udalak berariazko gonbidapena luzatu nahi die aurkezpenera bertaratzeko interesa duten pertsona guztiei: norbanakoei, herrian lan egiten duten erakundeetako ordezkariei, zein herriko elkarte, eragile eta oinarrizko egiturei.