Soraluzeko Udalak ibai-paisaiaren azterketa integrala garatzeko prozesua jarri du martxan

Soraluzeko Udalak ibai-paisaiaren azterketa integrala garatzeko prozesua jarri du martxan

2025/09/02
Soraluzeko Udalak herriko ibai-paisaia kontserbatu, leheneratu eta berroneratzeko Plan Estrategikoa jarri du martxan; lehen fasean, eragile eta herritarrekin elkarrizketa erronda egingo du.

Soraluzeko Udalak martxan jarri du dagoeneko herriko ibai-paisaiaren azterketa integrala egiteko prozesua. Horrela, ulertu nahi da ibaiaren eremua zein den bere eragin osoan, korridore ekosozial gisa, alegia. Ibai-paisaiak barne hartzen baititu, besteak beste, ibaiaren ibilgua, hari lotutako flora eta fauna, ibaira jaisten diren errekak, harekin batera doan hirigintza-garapena, pasealekuak eta bideak, eraikinak eta ondare-elementuak, ibaiarekiko bizikidetzari lotutako herriaren begirada eta memoria, eta arriskuak.

Plan Estrategikoa helburu

Ibai-paisaiaren azterketak Plan Estrategikoa garatzea du xede, ibaia eguneroko erabileren benetako ardatz egituratzaile eta integratzaile gisa ezartzeko. 

Plan Estrategikoan ibai-paisaiaren hainbat eremu zehaztuko dira, kontserbazio, leheneratze edota berroneratze-ekintzak bertan garatzeko interesgarriak izan daitezkeenak,  paisaia-irizpideetan oinarrituta. Bertan egingo diren esku-hartzeak ibaiaren inguruko ikuspegi integrala bermatu nahi du, hau da, ingurumen, hidraulika, kultura, hirigintza, gizarte edota historia ikuspegiak barne hartuko ditu. Hori horrela izanik, ezagutza globalerako oinarri bat eraiki ahal izango da, Soraluzeko udalerriak eta bertako biztanleek behar dutena ulertaraziko duena.

Lehen urratsa: eragile eta herritarrekin elkarrizketak

Prozesua garatzen hasteko lehen urratsa Soraluzeko ibaiarekin lotutako ezagutza, istorio eta ikuspuntuak ezagutzea izango da. Hori dela eta, aditu, eragile eta herritarrekin elkarrizketa erronda egingo du irailean zehar azterketa integralaz arduratzen diharduen paisajista taldeak. 

Gaiaz duten ezagutza partekatu nahi duten herritarrek hitzordua eska dezakete irailaren 15era arte. Horretarako, bi bide daude:

  • 943753043 telefonora deituta.
  • udala@soraluze.eus helbidera idatzita.