Soraluzeko Udalak liburuak itzultzeko postontzia jarri du liburutegian

2022/09/28
Zuzeneko arretaren ordutegiaz aparte liburuak bertan sartzeko balio du zerbitzuak

 

Soraluzeko liburutegian liburuak itzultzeko postontzia jarri du Udalak. Zuzeneko arretaren ordutegiaz aparte, zerbitzu berria eskainiko da bertan liburuak sartu eta liburutegira itzultzeko. Modu honetara, postontziak maileguan hartutako liburuak itzultzea errazten du, liburutegia itxita dagoen orduetan itzultzeko aukera emanez.

 

Kiroldegiko kultur guneko sarreran

Iker Aldazabal alkateak adierazi duen bezala, “kiroldegiko kultur guneko sarreran ipini den postontziaren helburua herritarrei kulturarekiko harremana erraztea da, eta erabiltzaileei liburuak edozein momentutan itzultzeko aukera ematea”. Hala, liburuak ondoko ordutegian bueltatu ahal izango dira: 

 

- Astegunetan: 8:30etik 21.30era

- Larunbatean eta igandean: 9:00etatik 13:00etara.

 

Soraluzeko liburutegiko liburuak bakarrik utzi daitezke bertan eta inolaz ere ez beste liburutegi batzuetako aleak, liburutegien arteko mailegukoak izan ezik. Gomendio moduan, liburuak horizontalki sartzea aholkatu dute liburutegiko arduradunek, honda ez daitezen.