Soraluzeko Udaleko Korporazioak Haur eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren baitako adierazpen instituzionala onartu du

Soraluzeko Udaleko Korporazioak Haur eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren baitako adierazpen instituzionala onartu du

2022/11/21
Alderdi politikoek haurrengan inbertsio handiagoa eta eraginkorragoa sustatzeko konpromisoa hartu dute

Haur eta Nerabeen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo, igandea (azaroak 20). Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdiek (EH Bildu, EAJ-PNV eta PSE-EE) adierazpen bateratua kaleratu dute kolektibo horien eskubideen eta ongizatearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsiz.

Ondorengoa da adostutako adierazpenaren testua:

Soraluzeko Udaletik, Haurren Munduko Eguna dela eta, UNICEF Euskal Herriko Batzordearekin bat egiten dugu, Eskubideak eta emozioak lemapean. Haurren eta nerabeen eskubideak lortzen direla ziurtatzea gai kolektibo bat da, eta nahitaez bete beharrekoa. Haur batek bere eskubideak neurri batean betetzen ez direla ikusten duenean, horrek zuzenean eragiten dio bere ongizate emozionalari. Horregatik, hiriek eta herriek, haurrengandik hurbilen dauden komunitateak garen aldetik, funtsezko zeregina dugu gure udalerrian bizi diren haurrak emozionalki gogobeteta eta pozik senti daitezen ziurtatzeko.
1989an Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zen eta aurrerapen handia ekarri zuen haurren eskubideak betetzeari dagokionez, baita 1990ean Espainiako Estatuak hitzarmena berretsi izanak ere.

Gaur egun, hala ere, gai honen inguruan erronka global handiak geratzen dira oraindik, toki-mailan ere heldu behar zaizkienak: 

- Munduan pobrezia-egoeran bizi diren haurren kopurua 1.200 milioira igo da. EAEn, %28,101.423 haur inguru, pobrezia- edo gizarte-bazterketako arriskuan bizi dira (ECV 2021- INE, atalase autonomikoa), eta zifra horrek 2,1 puntu egin du gora 2020arekin alderatuta. EAEko haurren artean pobrezia- edo gizarte-bazterketako arriskuak biztanleria osoarena baino handiagoa izaten jarraitzen du.
- Munduan 10 eta 19 urte bitarteko 10 nerabetik 1ek osasun mentaleko arazo bat du diagnostikatuta, eta mundu mailako gobernuen aurrekontuen % 2 baino ez da bideratzen depresioa, antsietatea edo bestelakoak tratatzeko. EAEn, haurren eta nerabeen % 44,2ri eman zaie arreta osasun mentaleko zerbitzuen sarean (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea 2021).
- 260 milioi haur baino gehiago ez dira eskolara joaten mundu osoan. Haur errefuxiatuen %50ek ez dute hezkuntzarako sarbiderik.
- 426 milioi haur bizi dira gaur egun gatazka armatuko eremuetan.
- 1.000 milioi haur atmosferaren kutsadura-maila gero eta handiagoen eraginpean daude eta 820 milioi bero-boladen eraginpean. EAEn goranzko joera antzeman da aurreikusitako agertokietan, bero-boladek giza osasunean duten inpaktuari dagokionez (Ihobe 2019).

Udal instituziotik ez gara errealitate horretatik kanpo geratzen. Horregatik, haurrengan inbertsio handiagoa eta eraginkorragoa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, haurren eskubideekin lotuta, aipatutako erronkei aurre egiteko ikastetxeei beharrezko baliabideak esleitzen zaizkiela bermatzeko eta, zehazkiago, haurren eskubide hauek betetze aldera:

- Osasun mentala. Haurtzaroan eta nerabezaroan osasun mentalaren arloko prebentzio-mekanismo integralak bultzatuko ditugu, haurren eta nerabeen ongizate emozionala hobetzeko eta, aldi berean, haiengan bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko.
- Hezkuntzarako eskubidea. Hezkuntza indartzeko politikak bultzatuko ditugu, beken eta laguntza-programen bidez kalitatezko hezkuntzarako sarbide zuzena eta eraginkorra bermatuko dutenak, batez ere lehen hezkuntza-etapetan eta/edo kalteberatasun-egoeran dauden haurrentzat.
- Haurrak babestea era guztietako indarkeriaren aurrean. Gure udalerria ingurune babeslea izan dadin mekanismoak bultzatuko ditugu (espazioak egokituz, profesionalak prestatuz, etab.) behar adina baliabide izateko eta era horretan haurrei eta nerabeei zuzendutako zerbitzu guztiek berma dezaten, prebentzioaren ikuspegitik, haiek babestuta daudela indarkeria-egoeren aurrean.

- Ingurumen osasungarria izateko eskubidea. Haurren ikuspegia gehitzen duen hiri-eraldaketa sustatzeko jarduerak bultzatuko ditugu, alderdi hauek hobetzeko: ingurumen-kalitatea (airearen kutsadura, zarata, bero-uhartearen efektua), hiri-metabolismoa (lekualdaketak, ur-sareak, energia, saneamendua) eta gizarte-guneak (espazio publikoak, ekipamenduak, etxebizitza, lantokiak, etab.), haur guztiek ingurumen garbia eta osasungarria dutela ziurtatuz.
Konpromiso hauekin batera, haur eta nerabe bakoitzaren ahotsak, premiak eta lehentasunak ere kontuan hartzen dira gure udalerrian eragiten dieten erabakietan, bertako haur eta nerabeekin parte hartzeko prozesuak ahalbidetuz eta bultzatuz. Bide horretan, martxan jarriko ditugu haur eta nerabeen kontseiluak. Gainera, 2030 Agendak eta Garapen Jasangarrirako Helburuek markatzen diguten esparru globalari jarraituko diogu, haurrak eta haien zaintza emozionala gure politiken erdigunean sartuta.
Horregatik, Soraluzeko Udalak konpromisoa adierazi du 2022ko Haurren Munduko Egunaren esparruan.

Soraluzen, 2022ko azaroaren 21ean