Tenperatura altuen kontrako plana

2020/06/03
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak tenperatura altuen ondorioak prebenitzeko plana aktibatu du; gehiegizko tenperaturek herritarren osasunean duten eragina murriztea da helburua.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2020ko Beroaren Plana egin du, gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen eragina murrizteko.

Plan horretan, jarduera-neurri zehatzak jasotzen dira, bai administrazio publikoentzat, bai gehiegizko tenperaturek osasunean duten eragina gehien jasan dezaketen biztanleentzat.

Tenperatura oso altuek edo muturrekoek osasunean dute eragina, eta ondorio horiek morbilitatearen eta hilkortasunaren gorakadan islatzen dira, bereziki klima epeleko eremuetan. Gehiegizko tenperaturek biztanle guztiei eragiten diete, baina talderik ahulenak adinekoak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak, pertsona instituzionalizatuak, ospitaleratuak, 4 urtetik beherako haurrak eta etxerik gabeko edo baldintza egokirik gabeko etxebizitzetako pertsonak dira.

Arrisku-faktore batzuk daude, bai pertsonalak, bai ingurumenekoak, lanekoak eta sozialak, eta horiek ahulago egiten gaituzte gehiegizko tenperaturen eta gure osasunean duten eraginaren aurrean.

Arrisku-faktore pertsonalak

  • 65 urtetik gorako pertsonak
  • 4 urtetik beherakoak
  • Gaixotasun kronikoak
  • Zenbait tratamendu mediko
  • Mugitzeko zailtasunak edo autonomia gutxi eguneroko bizitzan
  • Elikaduraren nahasmenduak
  • Alkoholaren edo beste droga batzuen kontsumoa
  • Etab.

Ingurumen-, lan- eta gizarte-arriskuen faktoreak

  • Bakarrik, kalean edo hozteko zailak diren etxebizitzetan bizi diren pertsonak
  • Beroarekiko gehiegizko esposizioa, lan-arrazoiengatik
  • Ingurumen-kutsadura
  • Oso giro urbanizatua

Oro har, bero-plana urte bakoitzeko ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean egongo da indarrean. Hala ere, malgutasun-irizpide bat sartu da, epe horretatik kanpo aktibatzeko aukera ematen duena, aktibazio-aldiaren aurreko eta ondorengo hilabeteetan jarraipena eginez.

Honako esteka honetan kontsulta daiteke dokumentu osoa: http://osaraba.eus/wp-content/uploads/2020/05/Plan-de-Calor-2020-eusk.pdf