Udako robotika tailerrak

Udako robotika tailerrak

2018/05/22
Udalak, Soraluce S. Coop.-ren laguntzarekin, robotika eta bideojokoen sorkuntza tailerrak antolatuko ditu oporretarako, haur eta gazteen artean zientziarekiko interesa piztu nahian.

Joan den urteko udan eta Aste Santuan izandako harrera bikainaren ostean, Gazte Robotika egitasmoak aurtengo udan ere robotika eta bideojokoen sorkuntza tailerrak eskainiko ditu Debabarreneko sei udalerritan, Soraluzen, Deban, Eibarren, Ermuan, Mallabian eta Mutrikun. 2017an Debabarreneko Udalek eta Debegesa Garapen Agentziak abian jarri zutenetik, 200 gaztetxo baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan.

Edizio berri honetan zortzi tailer eskainiko dira, LH3 eta DBH4 maila arteko haur eta gazteei zuzenduta. Talde lana sustatuz, gaztetxoek teknologiarekin ikasi eta ondo pasatzeko aukera izango dute euren robot eta biodejoko propioak sortuz eta programatuz. Gainera, tailer hauetan euren proiektuak diseinatu eta garatu ostean, irailaren 22an Ermuko Izarra Centren egingo den Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren 2. edizioan parte hartzeko aukera izango dute, doan.

Berritasunen artean, joko edota erronka berriak diseinatu dira gaztetxoek euren proiektuetan aplika ditzaten; horrenbestez, joan den urteko edizioan izena eman zutenek aurten ere parte hartu ahal izango dute, eta ikasten jarraitu, sormena landuz eta konponbide teknologiko berritzaileak garatuz.

Iraupenari dagokionean, 20 orduko tailerrak dira. Euskaraz egingo dira eta Doplay enpresak emango ditu.

Soraluzen, bi tailer eskainiko dira, ekainaren 25etik 29ra bata eta uztailaren 2tik 6ra bestea.

Izen-ematea

Tailerretan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da, ondorengo kontu-zenbakian: 3035 0004 93 0040900023 eta izen-emateko orria nahiz ordain-agiria udaletxera ekarri.

Izena emateko epea maiatzaren 21etik ekainaren 1a artekoa da.

Plaza mugatuak dira eta zozketa bidez esleituko dira, plazak baino interesdun gehiago baleude.

STEAM gaitasunak sustatzea

Azken urteotan gora egin du gure eskualdean bokazio teknikoen sustapenaren aldeko apustuak. Horren erakusgarri da Gazte Robotika egitasmoa, duela urtebete Debabarreneko Udalek eta Debegesa Garapen Agentziak abian jarritakoa. Egitasmo honen helburu nagusia da bokazio teknikoak sustatzea, eskualdeko enpresa industrialek izan ditzaketen beharrei (talentua) erantzuna emateko helburuarekin.

Ekimen hezigarri bat da, haur eta gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa pizteko asmoa duena (STEM deritzoten gaitasunak), modu praktiko eta dibertigarri batean.

Gainera, Gazte Robotikak ahalegin berezia egiten du tailer teknologikoetan bereziki neskatilen parte-hartzea bultzatzeko. Izan ere, ikasketa teknikoetan matrikulatzen diren ikasleen artean, neskak askoz gutxiago dira; ziklo industrialen bat ikasten duten nesken portzentajea ez da %6ra ere iristen. Azpimarratzekoa da, joan den urteko edizioan neskak %30 izan zirela.

Helburu zehatzagoen artean daude, gaztetxoen artean talde-lana sustatzea, ikastetxe, enpresa eta robotikaren eta programazioaren arloan diharduten entitateen arteko topagunea sortzea, eta Debabarrena arlo horien aldeko apustua egiten duten eskualdeen artean posizionatzea.

Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa, Ermuan

Ermuak amaiera bikaina emango dio Gazte Robotika egitasmoari, Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren bigarren edizioarekin. Irailaren 22an izango da, Izarra Centren.

Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du txapelketak, doakoa eta Euskadi osoko gazteei zuzendua; eskola adineko haur eta gazteak (8 eta 16 urte bitarte) motibatzea du helburu, robotika eta programazio arloan lehen urratsak eman eta euren gaitasunak landu ditzaten, talde-lana eta arazoen ebazpena lantzearekin batera.