Udal eraikinen efizientzia energetikoa
Duela aste bete izandako Tokiko Gobernu Batzarraren bileran “Tinkosts” etxearen aurrekontua onartu zen, 1.452 euroko zenbatekoa, BEZa barne, udal kiroldegiaren azterketa energetikoa egiteko.
Kontutan izanik kiroldegia dela udalaren jabetzakoak diren eraikinetatik energia gehien kontsumitzen duena, Udal Gobernuak aipatu eraikinaren azterketa energetiko integrala egitea erabaki du.
Bestalde, enpresa berberaren eskutik, udal eraikinen argindar-horniduraren kontratazioa eraginkorragoa egiteari begirako txostena ere egin da. Txostenean proposatzen diren neurriak urtean zehar ipiniko dira martxan eta, guzti honek 10.000€ inguruko aurrezkia ekarriko dio Udalari argindarraren fakturan.
Azterketa guzti hauek helburu bikoitza daukate: Udal eraikinen argindar-kontsumoa gutxitzeko hartu beharreko neurriak zeintzuk diren zehaztea eta, neurri horien bidez, udalak urtean zehar ordaintzen duen faktura murriztea.