Harrera Protokoloaren aurkezpena
Soraluzeko Udalak Harrera Protokoloa aurkeztu zuen joan den astelehenean.
Aipatu protokoloa Udaleko Osasun, Gizarte Ongizate eta Inmigrazioaren Batzordeak Euskaltzaleen Topagunearen laguntzarekin bideratu duen parte-hartze prozesu baten emaitza da.
Protokoloak herrira etorri berriak diren pertsonei egingo zaien harrera zer-nolakoa izango den zehazten du, prozesu hori modu parte hartzaile eta koordinatuan sistematizatzeko helburuarekin; erroldatzea tramite administratibo hutsa baino zerbait gehiago izatea da lortzea nahi dena, harrera oso eta duin bat garrantzi handikoa baita datozenen integrazioa eta denon elkarbizitza hobetzeko.
Ongi etorri Gida
Helburu hori lortze aldera, ongi etorria emateko gida prestatu du Udalak, baita erroldatzerakoan etorri berriek bete ahal izango duten galdetegia ere. Biak ala biak lau hizkuntzatan argitaratu dira (euskara, gaztelera, ingelera eta arabiera).
Gidak herriari buruzko informazio osatua biltzen du: historia, kokalekua, hizkuntza, zerbitzuak, laguntzak, etab.; galdetegia hala nahi duenak betetzekoa da eta herrian erroldatzen direnek dituzten interes eta beharren gaineko informazioa emango dio Udalari.
Harrera Bulegoa
Martxoaren 4tik aurrera, proba modura, Harrera Bulegoa zabalduko du Udalak, udaletxeko bigarren solairuan, ondorengo ordutegiarekin:
- Astelehena: 10etatik 12etara.
- Ostirala: 16etatik 18etara.