Udal kiroldegiko abonatuak gorantz

Udal kiroldegiko abonatuak gorantz

2018/10/28
Udal Kiroldegiak inoizko abonatu kopururik handiena dauka; urtea amaitzerako 950 pertsonatik gora izango dira abonamendua atera duten herritarrak; instalazioak handitzeko lanean ari da Udala.

Udaleko Kirolen eta Kiroldegiaren Departamentuak jakinarazi duenez, inoiz baino abonatu gehiago du aurten Udal Kiroldegiak eta urtea amaitzerako 950etik gora izango dira berau erabiltzeko abonamendua aterata daukaten herritarrak.

Abonatuetako gehienak, gainera, instalazioen ohiko erabiltzaileak dira, horren adibide delarik egunero kiroldegian dagoen jendetza.

Erabiltzaile kopuruaren gorakadak hainbat estuasun sortarazi du instalazioetan eta zaila egiten da kirol eskaintza berriak egitea, espazio faltagatik.

Hau horrela, Udal Gobernuak, kiroldegian dagoen espazio faltaren jakitun, instalazioak handitu eta hobetzeko egitasmoa darabil eskuartean. Proiektu honi esker solairu berria eraikiko da bertan, 500 metro koadro irabaziz.

Lanak amaitu ondoren, kiroldegiko guneak berrantolatu egingo dira.