Udalak 2025eko aurrekontuaren kontu orokorra onartuko du

Udalak 2025eko aurrekontuaren kontu orokorra onartuko du

2026/06/03
Soraluzeko Udalak 2025eko aurrekontuaren kontu orokorra onartuko du gaur arratsaldeko osoko bilkuran.

Udal korporazioa osatzen duten zinegotziak gaur arratsaldean, ekainaren 3an, bilduko dira osoko bilkuran eta 2025 urteko aurrekontuaren kontu orokorra onartuko da. Bertan, 2025eko udal egoera finantzieroa azaltzen duten adierazleak jasotzen dira; besteak beste, garrantzia berezia duen diruzaintza gerakina: ekitaldi ekonomikoaren amaieran geratzen den dirua. 2025eko aurrekontuaren likidazioak 2.144.920,77€tako diruzaintza gerakina eman du.

Diruzaintza gerakin hori baliatuz 2026ko aurrekontuetan onartutako hainbat proiektutarako beharrezko diru zuzkidurak edo aportazioak gehitu dira azken asteetan. Tartean daude, esaterako, herriguneko peatonalizazio sistema berria, herrian zehar asfaltatze lanak egitekoa, Zeleta 4ko inguruaren berrurbanizazioa, Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren funtzionamendua hobetzeko inbertsioak, Soraluzeko erraldoiak eta konpartsa, Mendigaineko kudeaketa-planaren garapena, Txurruken auzoko urbanizazioa, herriguneko komun publikoak, Sagarrerrekako herri sarrerako segurtasun kamerak eta futbol zelaiko belarraren aldaketa. Proiektu guzti hauek dagoeneko abian daude edota datozen asteetan jarriko dira martxan.

Arestian aipatutako proiektuok beharrezko diru zuzkiduraz hornitu ostean, diruzaintza gerakina 1.416.244,97€ lirateke.

2025eko aurrekontuaren exekuzio maila

Iazko ekitaldiko aurrekontuak %76,24ko exekuzio maila izan du. Irakurketa osoa eginda, ordea, ikus daiteke hainbat urtetan zehar garatzen diharduten Ezozi Bidea Berritzen zein Olaldeako proiektuek eragin handia daukatela zenbaki horietan; izan ere, gisa horretako proiektu handietan obrak ez dira hasi eta bukatzen urte naturalaren barruan. Bi proiektu handi horien eragina kontuan izan gabe, aurrekontuaren exekuzio maila %94an kokatuko litzateke.