Udalerri inklusibo baterako egitasmoak
Espazio publikoaren egungo erabilerari eta egiturari erreparatuz gero konturatuko gara herriaren antolaketak bertan bizi diren pertsonei zuzenean eragiten diela, baina hirigintza ez da neutroa. Zeinentzat eta zein behar asetzeko daude pentsatuta gure herri eta hiriak?
Galdera horrek ezkutatzen dituen zenbait korapilo askatu eta berdintasunean oinarritutako herri inklusiboago baterako pausoak emateko, Udaleko Berdintasun Sailetik abiatu den Mapa morearen prozesuaren baitan genero ikuspegitik aztertu da Soraluze, eta Hezkuntza Proiektuaren barruan kokatzen den Eskola Bidea prozesuaren baitan, berriz, herriaren egiturak eta herritarron mugikortasun ohiturek haurren autonomian duten eragina aztertu da.
Prozesu bietatik ondorio zehatzak atera dira eta nola ez, identifikatutako arazoei konponbidea emateko proposamenak egin dira.
Egindako lanketak, ateratako ondorioak eta proposamenak ezagutzeko, gaur, astelehena, arratsaldeko 6etan, udaletxeko pleno aretoan aurkezpen-bilera egingo da.