Ume eta gaztetxoentzako tailerrak antolatu ditu Euskal Aratosteen lan-taldeak
LoreadeCastro

Ume eta gaztetxoentzako tailerrak antolatu ditu Euskal Aratosteen lan-taldeak

2026/01/08
Euskal Aratosteen inguruko tailerrak antolatu ditu Euskal Aratosteen lan-taldeak urtarrilaren 18rako; urtarrilaren 14ra arte eman daiteke izena.

Euskal Aratosteak antolatzeaz arduratzen den lan-taldeak Euskal Aratosteen inguruko hainbat tailer antolatu ditu urtarrilaren 18rako, domeka. Bertan, 0 eta 12 urte arteko ume eta gaztetxoek parte hartu ahal izango dute: 0 eta 3 urte arteko haurrek haien txokoa izango dute eta 4 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek dantza, zanko eta apainketa tailerrak izango dituzte. 

Tailerrak domeka goizean zehar degingo dira, 11:00etatik 13:00etara bitarte Kultur Gunean (Ludotekan, Herri Antzokian...). Tailerren funtzionamendu egokia bermatzeko, aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da; urtarrilaren 14ra arteko epea dago horretarako, datorren eguaztena.

0-3 urte bitartekoentzako txokoa

Txoko honetan, 0 eta 3 urte (HH3) bitarteko haurrek pertsona heldu batek lagunduta egon beharko dute. Bertan, Marras panpina Zakuzaharrez mozorrotu ahal izango dute zakuzko oihala, lazoak, zintzarriak eta haien adinerako material aproposa erabiliz.

HH4ko umeek, nahiago badute, txoko honetan parte hartu ahal izango dute tailerretan beharrean; baina, ezinbestekoa izango da izen-ematearekin batera OHARREN atalean hala adieraztea.

HH4-LH6 bitarteko ume eta gaztetxoentzako tailerrak

HH4tik LH6ra bitarteko ume eta gaztetxoek tailer guztietan parte hartzeko aukera izango dute, txandaka. Hori dela eta, izen ematea ezinbestekoa izango da. Honakoak izango dira tailerrak:

1. Dantza tailerra:

Txistularien eskutik, zuzeneko musika egongo da, eta maila bakoitzak Euskal Aratosteen eguneko kalejiran dantzatuko dituzten abestiak entseatuko ditu. Txandaka antolatuko da tailerra.

Hauexek dira mailaz maila entseatuko diren dantzak:

  • HH: Txulalai eta Luzaideko Martxa
  • LH 1-2: Polka Pik eta Luzaideko Martxa
  • LH 3-4: Baztango esku dantza eta Luzaideko Martxa
  • LH 5-6: Polka Borobila eta Luzaideko Martxa

2. Zanko tailerra:

Adinari egokitutako zankoak egongo dira, bi zanko mota, hain zuzen ere: alde batetik, handienentzako zankoak eta bestetik, sokarekin lotutako zanko txikiagoak.

Zirkuito bat sortuko da zankoekin ibili ahal izateko. Hori horrela, txandaka, zirkuitoa gurutzatu ahal izango dute ume zein gaztetxoek zankoetan igota daudelarik. 

3. Apainketa tailerra:

Adin bakoitzari egokitutako teknikak eta jarduerak egingo dira:

  • HH 4-5 eta LH 1-2: Paperezko pankartak. 
  • LH 3-4-5-6: Joaldunen muralak. 

Tailerrean sortutako lanak Euskal Aratosteetako kalejira egunean, otsailaren 13an, herrigunea apaintzeko erabiliko dira. 

Izen-ematea

Tailerren funtzionamendu ona bermatzeko, ezinbestekoa izango da tailerretan izena ematea. Azken eguna urtarrilaren 14a, eguaztena,izango da.

Horretarako, online galdetegia bete beharko da: izen-ematea