Urriko antzerki programazioa

Urriko antzerki programazioa

2021/10/11
Tartean konpainiaren "Ez dok ero" eta Txalo konpainiaren "Konpromisoa" antzezlanak programatu ditu soraluzeko Udalak hilabete honetarako; sarrerak Iratxon daude salgai, 10 euroan.

Bi antzezlan programatu ditu Udaleko Kultura Batzordeak urrirako, urriaren 15 eta 30erako hain zuzen ere.

Urriaren 15ean, ostirala, "Ez dok ero" antzezlana taularatuko du Tartean antzerki konpainiak, arratsaldeko 8etan. Urriaren 30ean, larunbata, aldiz, Txalo antzerki konpainiak "Konpromisoa" antzezlana eskainaiko du, arratsaldeko 7etan.

EZ DOK ERO (Tartean Antzerki Konpainia)

Zuzendaria: Jokin Oregi.

Testua: Patxo Telleria.

Aktoreak: Patxo Telleria, Mikel Martinez.

Eguna: Urriak 15, ostirala.

Ordua: Arratsaldeko 8etan.

Tokia: Herri Antzokia.

Sinopsia:

“Mikelote eta Pantxo” bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eskenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du.

Egun batean Mikelote, “antzerkilari andante” estrafalarioa, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskalerrian barna joateko, herriz herri antzeztera, “Euskal Antzerkiak Behar Gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz. Mikeloteren imaginazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira.

Bideoa:

 

KONPROMISOA (Txalo Antzerki Konpainia)

Zuzendaria: Begoña Bilbao.

Testua: Philippe Claudel.

Aktoreak: Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga.

Eguna: Urriak 30, larunbata.

Ordua: Arratsaldeko 7etan.

Tokia: Herri Antzokia.

Sinopsia:

Tomas eta German aspaldiko lagunak dira; Tomas sasi autore bat da eta German, bere lanbidean arrakasta handirik gabeko aktorea. Germanek arazo ekonomikoak dauzka eta bere apartamendua saldu beharra du, bai ala bai. Pisua erosi nahi duen batekin tratua egiteko geratu da eta Tomasi laguntza eskatu dio. Izan ere, bere idazlanak maila eskasekoak izan arren, zintzo plantak egiten ez du parekorik. Bere doainik handiena da.

Eroslearekin tratua egiteko prest daude. Eroslea edo engainatuko duten inuzentea? Eroslearen zain dauden bitartean, bi lagunak elkarri belarria goxatzen arituko dira, mokoka, adar jotzen. Baina, halako batean, egoerak okerrera egingo du. Aspaldi gordeta zeuzkaten erremin eta sumindurak elkarri botako dizkiote. Eroslea iristen denean, bi tratanteak eztabaidako punturik gordinean harrapatuko ditu. Erosleak ikusle soil baten jarrera hartuko du? Edo bi lagunen arteko sesioan, epaile lanak egingo ditu? Edo okerrenera, bien arteko joko maltzur horretan, biktima bihurtuko ote da?

Bideoa: